DONIBANE LOHIZUNE
Xantakon paratuta zeuden karabanen kanporatzeak trafikoa korapilatu du
Atzokoa ez zen egun erraza izan Donibane Lohizune inguruetatik igaro ziren auto-gidarientzat. Izan ere, goizetik sekulako oztopoak izan ziren trafikoan, Poliziak ostegunetik Xantakoko futbol eta errugbi zelaietan paratuta zeuden 300 karabana kanporatzeari ekin zionean. «Bidegabeko okupazioagatik» Herriko Etxeak ezarritako salaketa ontzat eman zuen auzitegiak, ostiralean. Alta, nomadek aurkeztutako helegiteak errefusatuak izan ziren, Udalaren arabera. Horren ondorioz, suprefetak CRS polizia ugari igorri zituen atzo «baimendu gabeko kanpamendua» hutsarazteko. Ahalegin horretan hainbat gorabehera izan ziren egun osoan. «Berdintasunerako eskubidea» aldarrikatuz nomada batzuk Ziburun manifestatu egin ziren. Beste batzuk, berriz, trenbidea ixten saiatu ziren. Horiek sakabanatzera zihoala, polizia bat erori eta eskumuturra hautsi zuen. Aurreko urteetan bezala, aurten ere antzeko egoerak izan dira Angelun, Bokalen edota Urruñan. «Bidaiako jendea» deritzotenak hartzeko gune egokituen faltagatik, besteak beste. Donibane Lohizune gune berezia duen bakanetakoa da, dagokion kopuru jakina hartzeko.