GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Fito & Fitipaldis & Elkartasuna Bizkaiko Elikagai Bankuarekin

Urriaren 5ean eta 6an Bilboko Arriaga antzokian emango dituen kontzertuetan bildutako dirua Bizkaiko Elikagai Bankua laguntzera bideratuko du Fito & Fitipaldis taldeak. Talde bizkaitarraren birako langile guztiek uko egin diete bi emanaldi horien soldatari, baita Fito Cabrales eta Javier Anzuolak ere, eta hauek SGAEk bermatutako irabaziei ere uko egin diete.

p042_f01.jpg

GARA | BILBO

Kontzertu bereziak eskainiko ditu, dudarik gabe, datorren urriaren 5ean eta 6an Fito & Fitipaldis taldeak Bilboko Arriaga antzokian. Noizbait sarrera batengatik dirutza ordaindu behar izan bada, hau izango da egiteko unea. Fito Cabrales artistaren beraren ekimenez, Bizkaiko Elikagai Bankura joango da zuzen-zuzen egun horietako emanaldietan lortutako dirua. Ez zati bat, ez irabazitakoaren araberako zenbateko bat, ez; den-dena. Nabari da hor ere Fito bilbotarra dela.

Bildutako dirua ahalik eta gehiena izateko, biran parte hartzen duten langileek ere ez dute soldatarik jasoko, ezta Fito Cabralesek berak zein Javier Anzuola bikoteak. Bi horiek, gainera, euren sorkuntza lanak jotzeagatik SGAEk bermatuko lizkiekeen diru sarrerak ere helburu horretara bideratuko dituzte; beraz, SGAEk berak ere nahi eta nahi ez kolaboratu beharko du kontzertu solidarioetan.

Fito & Fitipaldis taldearen kontzertuen sustatzaile Last Tour management agentzia ere izango da irabazirik jasoko ez duen beste eragile bat, eta Bilboko Udalak Arriaga eskaini die kontzertuetarako. Bestalde, sortuko liratekeen gastuei aurre egiteko BBK-Kutxabank-ek 10.000 euro emango ditu, beraz, txartel-leihatilako irabazi guztiak joango dira elikagaien bankua laguntzera.

Dohaintza ezberdinak

Elkartasun kate bat bailitzan Eroski-Zurekin ere gehitu zaio elkartasun kontzertu hauei, eta 30.000 euro eskaini ditu. Impronta, Aranzazu Hoteles, Hotel Gran Bilbao eta Atesa ere izango dira parte hartuko duten beste enpresetariko batzuk. Gonbidaturik onartuko ez diren kontzertuetan, 1.112 sarrera jarriko dira salgai 20 eta 40 euro arteko prezioan, eta 78.176 euroko etekina lortzea espero da.

Horrez gain, ekarpenak egiteko kontu korronte bat zabaldu dute, proiektu honekin kolaboratzeko. Urriaren 5eko eta 6ko kontzertuen sarrerak datorren abuztuaren 14an jarriko dira salgai. Emanaldien aurretik prentsaurrekoa egingo du taldeak diru bilketa nola doan azaltzeko. Halere, bere biran zehar toki askotan bezala sarrera denak saltzea lortzen badu Cabralesek, laguntza eskerga izango du elikagaien bankuak. Bere bizitzako «proiekturik liluragarriena» dela esan du artistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo