UDATE
Andre Maria Zuriaren jaietako egitaraua aurkeztu du Herrirak
GARA | GASTEIZ
Gasteizko jaietarako bost egun eskas falta, eta Herrirak ere bere egitaraua aurkeztu zuen atzo, «aurten ere badirelako gurekin egun hauek ospatu ezingo dituztenak, milaka kilometrora espetxeko ziegatik txupinazoa ospatuko dutenak, deserritik topa egingo dutenak Zeledonen jaitsieran». Euskal preso politiko guztiak, bereziki gaitz larriak dituzten Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Abetxuko izan zituzten gogoan atzoko agerraldian, eta guztira, 48 errepresaliatu, 39 preso, deportatu bat eta zortzi erbesteratu faltan dituztela aldarrikatu zuen Gasteizko Herrirak. Horien alde egingo duen egitarauan parte hartzera dei eginez herritar orori, aldarrikapen ekintzekin bat egiteko eskatu zuten. Era berean, hau guztia posible egiten ari diren 400 lagun baino gehiagoren lana goraipatu zuten.
Abuztuaren 2an, ostirala, emango diote hasiera jaiari, 20.00etan Andre Maria Zuriaren plazan, «txupinazo urdinarekin». Horrekin batera brindisa egingo dute, Iñaki Landa eta iheslarien senideen eskutik, eta jarraian, kalejiran txosnagunearen irekiera egingo dute.
Abuztuaren 4an, 17.00etan, Gaztetxetik dispertsioa salatzeko kalejira abiatuko da; eta hilaren 5ean, Herrira Eguna ospatuko dute, herri bazkaria eginda.