GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Jaietan inbertitu

Beitu, seriotasuna eraginkortasunarekin nahasten duzuen jaun-andreok, inork ez daki munduan gure herriko unibertsitate irakasleez, bai ordea, gure jaiez

Uztapide zaharrak esan zigun bertsolarion lana «herria zerbitzea» zela. Eta horretan eman dut uztaila, herria zerbitzatzen, ez agian guztien gusturako, baina dakidan ondoen eta kontzienteen bai behintzat. Mutriku, Soraluze, Iruñea, Markina, Santurtzi, Berriatu, Berango... ederrak dira udako Euskal Herriko jaiek ematen dizkiguten mikrotoponimia lezioak. Karakateko magaletako San Andres auzoa ezagutzen duenak ez dauka tropikoko hondartzen bakearen bekaitzik, mutrikuarren xalotasuna bizi duenak ez du gizakiaren onberatasun bila Amazonasera jo beharrik, Santurtziko euskaltzaleentzat abesten duenak ez du borrokalari gogorren bila Palestinara jotzeko premiarik, hiriburuko La Unicakoen zapi berdea opari daramana «exotiko» berbaren definizioaren jabe da, Markinako Uhagon kulturguneko zuhaitzek txalo jotzen dutenean Indiako Budaren izpiritu guztiak txiki geratzen dira, berangoztarren bertso saio osteko irribarreak Pekineko hiri debekatuko urrea balio du, eta horrela jarraituko nuke, Euskal Herriaz maiteminduta nagoela esateraino. Baina ez da nire estiloa, «fuerza y honor» izan ziren aita zenak esan zizkidan azken bi hitzak, «indarra eta duintasuna» izango direnak nire etorkizuneko umeentzat, mundua aldatzeko palanka izatea da gure lana, ez zein zoragarriak garen onartzea. Hori, duintasuna indarrik egin barik bizi gura dutenentzat itxi dezagun. Gu bezain maitagarriak baitira, edo gehiago.

Bada uda honetan bost eratara entzun dudan esaldia: jaixek beherutz juazak, jende gutxi zebilek, barda lau katu izan ginen, zulo in du, iaz gehitxuau ginian, xentimorik be etxekuat...

Eta han dator Maslowren ilobaren bat herriko jaien krisiari normaltasuna ematera, normala baita. Dirurik eza, jendearen lehentasun berriak, denboraren aprobetxamenduaren kontzeptua, seme-alabarik duenak bizitza sozialean beste edozeinek bezala parte hartzeko debeku kristauaren bertsio modernoa...

Eta ni Anjel Irigaraiz oroitzen naiz, barne infernuetara jaistearen garrantzia azaltzen, hori herri mailan konpartitzearen garrantzia azpimarratzen, txosna- ko barra aurrean ematen den klase sozialen abolizioaz mintzo. Oraindino badelako jaien zergati soziala ulertzen ez duen jenderik.

Nik azalduko nieke dakidan apurra. Herria, konpartitzea, gizarte harreman horizontalak, daukagun bigarren arima ezagutu eta onartzen ikastea, eraldatzeko, noski. Baina bertso hori abesteko ez dakit nora begiratu. Hots, ez dakit entzulea non dagoen, edo hobeto esanda, non ez dagoen. Jaiak organismoak finantzatzeko sortu zirela uste duenetik erabat kontrolatzen ez duen sozializazio eredu oro gorroto duenera alde gutxi baitago.

Beitu, seriotasuna eraginkortasunarekin nahasten duzuenok, inork ez daki munduan gure herriko unibertsitate irakasleez, bai ordea, gure jaiez. Sorkuntza esparru izan beharko luketenak, esportatzeko produktu. Produktu baino prozesu, jaiak antolatzen ondo baitakigu, bitarteko gutxirekin ere. Batzordeko militantearen eta sortzailearen arteko zubiak behar ditugu, eskaintza eta eskaria koordinatzeko erak.

Jaiak bai, borroka ere bai? Jaiak borrokatzeko era bat dira. Eraginkor eta demokratikoenetarikoa gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo