GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherrik lau txapel jantzita amaituko du

Jon LEUNDA

Erandioko Goiherri taldeak lau txapelekin amaituko du denboraldia. Gaur jokatuko da 580 kiloko eta denboraldiko azken jardunaldia Alegian, Frankoni belardietan, 11.30ean hasita.

Erandioko taldeak orain arte jokatu dituen tiraldi guztiak irabazi ditu, ez maila honetan bakarrik, baita gainerakoetan ere. Txapela ez lortzeko gaur laugarren amaitu beharko luke, eta Gaztedik aurrena. Orain arte gertatu dena ikusita, ez dirudi horrelako ezusterik izango denik, berdeak, gainerako talde guztien gainetik baitaude, eta kirolean mirariak gutxitan gertatzen dira.

Bigarren postua ere nahiko garbi dago. Gaztedik orain arteko bi saioetan postu horretan amaitu du, eta postu hori nahikoa bideratuta du. Denboraldiari hasiera zalantza askorekin eman zioten, baina apurka-apurka bigarren postu horretan sartzen joan da talde gorritxoa, eta hor amaituko du, gaur eguerdian oker handiren bat gertatzen ez bada.

Hirugarren postuan zeinek amaituko duen jakiteko emozio handiagoa izango da. Mutriku eta Goiherri B parean dabiltza, eta gaur aurretik amaitzen duenak lortuko du podiuma. Erandiokoen helburua bere bi taldeak podiumean sartzea da, baina horretarako gaur lan handia egin beharko dute.

Azkeneko posturako ere borroka polita izango dute Gaztedi B eta Gaztedi C taldeek. Bi talde hauen artean ere lehia handia egon da aurreko bi jardunaldietan, eta gaur azkena ez geratzeak, sailkapenean ere azken postutik ihes egiteko balioko die bietako edozeini.

Orga-jokoa

Orga-jokoan, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da gaur, Getxon, Algortako plazan, 19.00etatik aurrera. Saez de Castillo eta Fernandez de Retana izango dira Arabako ordezkariak, Estefania, Dreame, Iribarnegarai eta Ardeo, Bizkaikoak, Bujan, Callaghan eta Zugarraondo, Nafarroakoak, eta Casuso eta Lartzabal, berriz, Lapurdikoak.

Zazpi herrialdeetatik lauk bakarrik izango dute ordezkaritza, eta azpimarragarria Gipuzkoa izango da, ez baitu ordezkari bakar bat ere izango. Faboritoak aipatzerakoan asko dira, baina batez ere bi lapurtarrak oso kontuan hartu beharko dira, maila handikoak baitira biak ere. Ardeo bizkaitarra, edo Bujan nafarra ere txapela lortzeko faboritoen zerrendan agertzen dira, baina ezusteak ere izaten dira kirol honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo