UDATE
Gazteentzako Aste Nagusia
Aurtengo Donostiako Aste Nagusia gazteei begira sortu da. Programazio gaztea eta herrikoia antolatu du Udalak, eta berrikuntzen artean, haurrentzako jolas goizak eta 24 ordu iraungo dituen futbito txapelketa nabarmendu ditu.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Abuztuaren 10etik 17ra, larunbatetik larunbatera, ospatuko da Donostiako Aste Nagusia, 358 ekitaldirekin. Jai parte-hartzaile eta herrikoiagoak nahi dituzte udal ordezkariek, eta horretarako, urte osoko lana egin dute.
Berrikuntza moduan, Nerea Txapartegik, Euskara eta Kulturako ordezkariak, bi ekitaldi azpimarratu nahi izan zituen atzo egindako aurkezpenean. Alde batetik, Manteo kiroldegian goizero egingo diren haurrentzako jolasak. Bestetik, kirol jarduera bultzatuz, 24 ordu iraungo dituen futbito txapelketa ere jokatuko da abuztuaren 16an. Lehiaketa arratsaldeko 13.00etan hasiko da eta hurrengo eguneko 13.00etan amaitu.
Herritarrak antolatzaile
Programa egin ahal izateko herritarren iritzia jaso nahi izan du Udalak neguan zehar, eta hala, hainbat elkarterekin lan egin dute. Ondorioz, hauek proposatutako 15 ekintza barneratu dituzte programa ofizialean. Baina gazteak ere festetako parte-hartzaile sutsuak direnez, hauen eskaerak ere entzun nahi izan dituzte. Hala, gaztelekuetan martxan jarritako ekimen baten bidez, 13 eta 17 urte arteko gazteek zer-nolako jaiak nahi dituzten azaldu dute. Guztira 141 gaztek erantzun dute inkesta, eta «eskatu bezala beraientzako ekitaldi gehiago txertatu ditugu», azaldu zuen atzo Juan Karlos Izagirre alkateak.
Eskaera horien barruan, Betagarri eta Gatiburen emanaldiak Saguesen, Ingo al deu? Konstituzio plazan edota Kursaalen egiten den disko-festaren ordutegi zabalera (aurten 23.15etik 02.00ak arte iraungo du) onartu ditu Udalak. Gainera, abuztuaren 13a hip hoparen bueltan egituratutako eguna izango da, Urban 13 taldearekin. Musika honi garrantzia emateko iaz hasitako ekimenari segida emanez, egun horretan Kursaaleko terraza musika mota horrentzako gordeko da egun osoan. Egitaraua 12.00etan hasiko da eta 22.00ak arte iraungo du.
Bestalde, egunero, 12.00etan hasita, Sagardoaren Azoka izango da Katalunia plazan. Bertan, sagardotegiko menua eta hainbat emanaldi eskainiko dira. Hilaren 11n, dastaketa laborategia eta bertako produktuez egindako gazteentzako entsaladilla lehiaketa izango da Bretxan 12.30etik 13.30era. Gastronomiarekin jarraituz, aurten ere, marmitako lehiaketa antolatu dute, hilaren 17rako, larunbata, Konstituzio plazan.
Azkenik, Naiara Sanpedrok, Berdintasuneko zinegotziak, Aste Nagusia «elkarrekiko begirune, berdintasun eta errespetuan» bizi behar dela gogorarazi zuen, eta eraso sexistarik ikusi edo sufrituz gero, aurretik eta ondoren jarraitu beharreko aholkuak festen programaren barruan sartu dituztela azaldu zuen.
Musika alorrean, Saguesen Auryn, Julieta Venegas, Betagarri, Gatibu, Los chikos del maiz eta Habeas Corpus, Obrint Pas, Lain (aurrekoen aurretik izango dira taula gainean) eta Fermin Muguruza eta Kontrakantxa taldeak ikusi ahal izango dira.
Zezenketarik gabe
Aurten, 15 urtean lehen aldiz, ez da zezenketarik egingo Donostia Aste Nagusian, eta Ilunbe plaza festetatik kanpo gelditu da.
Datu horri erantzunez, udaleko PP alderdiko zinegotziak, Maria Jose Usandizagak, aurtengo Aste Nagusiko berrikuntza «bakarra» zezenketarik egongo ez dela dela salatu du.
Bere ustez, «okerrena» da, gobernatzen uzten dietenen erruz, «nahi dutena egiten jarraitzen dutela».