GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Ezin zaio mundu deitu

Jon GARMENDIA Idazlea

Okzitanian, Camargako eskualdean, aurkitzen da Saintes Maries de la Mer herria, Rodano ibaia Mediterraneoan isurtzen den tokian. Ttipia da, bi mila eta bostehun biztanle inguru, baina maiatza bukaeran populazioa biderkatu egiten da. Urtero, Europa osotik heldutako ijitoek ospakizuna egiten dute han bi egunez. Baina urrian eta abenduan ere elkartzen dira, nolabait, urte osoan egiten dute haranzko pelegrinazioa. Maria Salome eta Maria Jagoberengadik hartzen du herriak itsasoko dona marien izena, hauek, kristauen aurkako erasoen ihesi, lur saindutik iritsi omen ziren txalupaz bertara, Sara, larruazal iluneko esklaboa laguntzaile zutela. Nôtre Dame de la Mer elizan daude hobiratuak bi donak, eta han da Sararen irudi beltza ere, ijitoentzat, Sara Kali bezala ezagutua, heien patroi nagusia. Legenda batek dio Jesukristo eta Maria Magdalenaren alaba zela Sara, Dan Brownen «Da Vinci kodean» ere hala agertzen da, baina ijitoek sinisten dutenaren arabera, txalupa batean heien zortera abandonatuak izan ziren, ez zuten lehorrera heltzeko itxaropenik, eta Sarak, bere buruko zapia kenduz, jainkoari egin zion promes, salbatuz gero, haren zerbitzura biziko zela, eta ez zuela nehoiz zapia burutik kenduko. Antza, horregatik da hain garrantzitsua ijitoentzat zapia. Hori historiaren alde polita. Itsusia zera da, joan-etorrian bizi direla ijitoak, nomadak direla, eta atzo Donibane Lohizunetik dozenaka bota zituztela poliziek, Ipar Euskal Herrian agintari anitz daudela karabana horiek jasotzearen kontra, Frantzian bezala, eta Choleteko alkateak oraintsu eskainitako perlak sarri entzun behar dituztela, hau da, domaia omen da Hitlerrek denak ez akabatu izana. Mundutar guztiek dute munduan bizitzeko eskubide bera, hori betetzen ez den arteino, ezin zaio deitu mundu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo