GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egipton frustrazio politikoa biderkatzen ari da

Arabiar Udaberriaren inguruko euforia aspaldi desagertu da, zalantza, nahasmena eta gaitzespena altzoan dakarren aro berri bati bide emateko. Libia eta Siriako gerrak azkartu egin dute aro aldaketa eta Egiptoko egungo egoerak frustrazioa biderkatu egin du. Mubarak bota zuen «iraultza» lekutan dago, Mubarak gabeko mubarakismoak, kolpe militarraren eskutik, Egipto kontrolatu nahi duen honetan. Atzo, Europar Batasuneko diplomazia buruak, Catherine Ashton-ek, militarrek kargugabetutako Morsi presidentea bisitatu zuen. Ezezaguna den toki batean atxilo duten arren, «ongi» dagoela esan zuen. Agian oso sututa dauden animoak baretzeko, ez dago jakiterik.

Edonola ere, Egiptok bizi duen egoera egunetik egunera gaiztotzen ari da. Al-Sisi kolpistak «terrorearen» aurkako matxinadara deitu ditu bere jarraitzaileak eta Anaia Musulmanek kalean gotortzea euren burua atxiloketa, tortura eta heriotzatik salbatzeko aukera bakarra ikusi dute. «Bozken zilegitasuna ala ezer» posizioari eutsiz, presioa ez dute etengo, hil ala bizikoa baita haientzat. Bitartean, egiptoarrek amildegira doan ekonomia eta frustrantea den politika betean «lagundu! lagundu!» oihukatuz odolusten segitzen dute. Egia da ogiarekin bakarrik ezin daitekeela pertsona bizi, baina ogirik gabe ere ez. Ogiari eta bizitzari, biei «a'ish» esaten zaio egiptoeraz. Libre bizi eta ogia izan... merezi dute-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo