GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Illarramendi | Zarauzko alkatea

Bidea, konfiantza, sinesgarritasuna eta helmuga

Sinesten dut indar metaketan, baina ez hauteskundeei begirako logika edo mugimendu taktiko gisara. Indar metaketa politika egiteko modu bat ere badela uste dut, balio bat

Euskaldunaren patua atzera begira aurrera egitea zela esaten zuen Zarautzen urte asko eman zituen Jorge Oteizak. Uste dut, pertsonalki eta ordezkari politiko bezala izaniko esperientziatik, askotan jokatu izan dugula horrela. Dela onerako edo txarrerako, aurrekoekiko zor moral bat uste izan dugulako, eta, nolabait, haien ondorengo sentitzen garelako; edo txarrerako, aurrekoen inertziak eta jokabideek irentsi egin izan gaituztelako, ez gutxitan.

Aurrera egiteko atzera begiratuz, oso aintzat hartzen dut ze egoeratan geunden jatorri ezberdineko ezkerreko eta abertzaleak indar metaketari dagokionez duela ia lau urte eta non gauden orain. Egin dugun bidea laburra da, baina ez gutxiestekoa, izan eta izango duen balioagatik.

Mugarria, duela hiru urte, elkarrekin aritzeak dituen indarguneez konturatzean ezarri zen: elkarrekin arituta gure indarrak, ahalmenak eta aukerak biderkatu egiten zirela jabetzea eta sinestea, eta hitzetatik praktikara eramateak arnasbidea ez ezik, aukera anitzeko aukera erreala ere eskaini zigun.

Alta, ezberdinen arteko batuketak aberastasuna eta bitartekoen biderkatzea zekarrela, eta gure ezberdintasunak aniztasunaren mesedetan jarrita, herri eta jendarte eremu zabalago batengan eragiteko bidea eskainiko zigula erakutsi dugu.

Sinesten dut indar metaketan, baina ez hauteskundeei begirako logika edo mugimendu taktiko gisara. Indar metaketa politika egiteko modu bat ere badela uste dut, balio bat, finean; norabide berean doan jende ezberdinen arteko batura politika eredu beharrezkoenaren gisara ulertzen baitut, alderdien logikatik askeago eta herritarren bizi beharretara gehiago gerturatzeko aukera eskaini eta eskainiko digulako. Zentzu horretan, bidean aurkitu ditugun kontraesanetatik harago, Bildun lehenik eta gero EH Bilduren baitan aritzeak, herritarren erdian kokatzera eraman gaitu, ezberdintasunak leunduz eta liskarren ordez batasun irudia ikusaraziz herritarrei. Azken batean, gure alderdia baino, herria hartuz helburu.

Bi urte pasa dira erakunde ezberdinetan lanean gabiltzala eta, hauetako askotan, gidaritza politikoa eramateko gehiengoz hautatu gintuztela. Gauza asko egin ditugu, horietarik asko beharrezkoak eta oso onak izan dira, baina ez gaitezen aitortzeko lotsa ere izan, batzuetan ez dugu asmatu. Beste politika bat, beste politika egiteko estilo bat, beste politika sentitzeko modu bat iragarri genituen. Balioak, jendetasuna, irudimena, umiltasuna eta batez ere lanerako gogo eta borondatea, jendearekiko hurbiltasuna dira gure marka. Eta proiektu zehatzak gorabehera, gure zeinuak galdu gabeko politika egitean datza gure sinesgarritasuna. Jarrai dezagun gure iparrorratzak garamatzan bideotatik. Eta herritarrek gugan ezarri zuten konfiantza itzul diezaiegun, gure jardun garden eta parte hartzailearekin.

Bi urte igaro dira. Batzuentzat legegintzaldiaren erdia da hori. Baina neuk ez dut horrela ulertzen, gure logika beste bat baita. Gu bide luzearen jakitun gara, gure ardura eta lana ez da bi urte barru amaituko: gure konpromisoa etorkizuna gaurtik lantzen hasteko da, eta ez, beraz, hurrengo bi urteak soilik kudeatzeko. Etorkizuna helburu, hurrengo hauteskundeetan izango duten eraginak beldurtu gabe, erabaki estrategiko eta garrantzitsuak hartzeko aukeran gaude, nola hondakinen kudeaketari, hala parekidetasun ereduei edo mugikortasun politikari dagokionez. Etorkizuna ez dagoelako hemendik bi urtera jokoan, etorki- zuna gaur-gaurkoz lantzen, ereiten eta auzitan jartzen dugulako.

Atzera begira aurrera egitearen inertzia aipatu dut hasieran, baina artikulu hau, aurrera begira, etorkizun ertain eta urrunekora begiratuz lan egiteko gonbita luzatuz amaitu nahiko nuke. Ez zaizkigu bi urte geratzen, etorkizuna dugu aurretik lanean jarraitzeko, jendartearekin aritzeko, jendartearen bizimodua modu zibiko, etiko eta ekologikoan eraikitzeko, justiziaz harremantzeko eta pertsonalki eta kolektiboki libre eta libreago izan gaitezen. Inori egin dezan eskatu gabe, guk jendearekin egiteko, gure ekintza eta erabakien neurrian izango baikara libre.

Egin dezagun egin beharreko autokritika, ez dezagun nondik gatozen ahaztu, baina, batez ere, argi izan dezagun nora eta nola goazen, presio mediatiko eta finantzarioek eragin gabe, hauteskunde logiketatik libre, etorkizun justu eta parekidea helburu, gaur ereiten dugunak etorkizunerako jartzen ari garen oinarriekiko ardura eta konfiantza erakutsiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo