GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

San Inazio egunez, zorionaren agenda

Autolaguntza liburuen eta zoriontasunerako gidaliburuen arrakastaren misterioek kezkatzen naute. Mesanotxeko liburuez lagunekin berbetan hasi, eta zenba- tek ez dizkidaten Elsa Punset, Jorge Bucay eta gisako autoreak aipatu! Eta tira, San Inazio eguna lanean, fafara eta bero sapa hauekin kontu serioagoez idazteko desgogo, eta esperimentu txiki bat egitea nahi nuke. Nik ere moda horretan izena emanda, zutabetxo hau autolaguntza eitean idatziz. Zoriontasunerako nire errezeta propioa emateko, aste baterako agenda xume bat konplituta erraz gauzagarri dena.

Astelehenean, detailea: Lagunei eta maitatuei eskainiezu.

Asteartean, fidagarritasuna. Zintzoa izan. Sortze beretik zure-zurea duzun kalitate horri esker, izan sendoa. Gogotsua nortasunez. Izpiritu lasaiaz ziurtasuna eskaini. Eta horri eusteko ahalmena, zure balio segurua egin.

Asteazkenean, egiazkoa: Urruti-urruti begiratu, ibili gabeko bideak libre eta solte ibili. Konfiantzan eta besteekiko harmonian. Bidaideak egin. Eta ahal den neurrian, intenporala izan, denbora kontutan ez hartuz, momentua bizi duen artista.

Ostegunean, humanoa: Gizatasuna begirunez errespetatu, defendatu, babestu... Gainontzekoak entzun, ulertzen saiatu eta horrela zure bizitza ederragotu. Askatasunaren pasaporteaz ibili beti, dena mugimenduan eta biharkoa gaurkoaren aldean hain ezberdin izan daitekeen munduan, mundu berriak deskubritzea zuretzat karga edo handikapa izan ez dadin.

Ostiralean, konplize: Lagunekin harreman bakar eta errepikaezina landu, gertuko presentzian, isilpeko pazientzian. Lagunaren inteligentziari hitz egin eta lagunaren inteligentzia errespetatu. Umorez, gatz eta piper komunikatzea kredo pertsonal.

Larunbatean, arduratsu: Shock eta kommozioen aurrean beti eskua luzatu. Lagunen minekin mindu, minarekin indartzeko.

Eta igandean (ze ostia!), prestigioa: Zure errepikaezintasuna baieztatu. Apur bat aparte kokatuz jokatu. Herritar, bai, baina ezberdin. Diziplinatu baina heterodoxo. Esan gabe, begi keinu soilaz, dena ulertu duzula esateko gai. Mundu Guztia jaunaren lagun ez, baina mundu guztiaren lagun izateko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo