Andoni TOLOSA «MORAU» | Musikaria
Silvio
Altxa dezatela eskua inoiz Silvioren enpatxua jaso duten guztiek. Neu lehena eskua altxatzen. «Días y Flores» diskotik «Unicornio»-ra doazen kantu guztiak buruz ikasi nituen, aitortzen dut. Sutondo guztietan lurrean eserita haiek txikitzen ibilia naiz, ez naiz damu. Gizon sentsiblearen sindromeak erotu ninduen kasik eta poesia melengaren atzaparretatik ihes egiten saiatzen aritu naiz, gaurdaino.
Bada, behin betekada gertatuta, urteak egon naiz haren musikari iskin egiten. Haren izenik ez aipatu niri, segidan zerrenda ditzaket-eta Silvioren eragin kaltegarriak euskal kantautoreen hainbat belaunalditan. Erabat egoskortuta, eta batez ere lanpetuta, ibili naiz haren haziak edozein izkinetatik errotik ateratzen. Eta okerrena, ez, orduz geroztik, ez diet sekula lagunek grabatutako kasete zaharrei hautsik kendu, eragin zidaten plazer guztia alboratuta.
Belaunaldiak igaro dira tartean, nahiz eta inguru honetako kantautoreoi itsatsita geratu, betirako ziurrenik, mundua era «poetikoan» azaldu behar hori. Baina bueno, gaitz erdi, Silvioren eragina lausotzen joan da, agian okerragoak diren beste eragin «modernoagoen» mesedetan, alajaina.
Duela egun pare bat, udako hondartza ondorengo eguerdi eguzkitsua Donostiako alde zaharreko taberna batean. Ireki berritan, gu, tabernaria eta sukaldaria, besterik ez. Bozgorailuetan Silvio Rodriguez eta, ihes egin ezinik (pintxoak mahai gaineratuak genituen), lotsatuta bezala neure buruarentzat «Siempre que se hace una historia...» kantari. Tabernaria ere, 20 urte gazteagoa, horretan ari zen, eta handik aurrera sartu ziren beste bi bezeroak, hauek are gazteagoak, ere berdina egiten ari ziren. 2013ko Donostian tabernan geunden zazpi lagunetatik bost Silvio kantatzen ari ginen. Ez al da ironikoa?