UDATE | IPAR EKHIAN
Espektakulua hasi da
Jon GARMENDIA
Idazlea
Abuztuak bat du. Eta hasi da zirkua. Autoak garajetik irteten, autoak errepidean, eta autoak bide bazterretan, loreak baino auto gehiago. Joan eta joan, badoaz, ez badatoz. Behintzat, oraingoz. Berdin du nora, berdin du nola, eta berdin du norekin. Joatea da kontua, gero, joan zarela kontatu ahal izateko. Eta hor egin duzu atzera denboran, uztaileko azken aste hura oroitzeko, eta irribarrez hartu duzu zure aurpegi zurbil arduratuaren irudikapena, oroitzen baituzu nola ibiltzen zinen korrika eta presaka, beti, lan txanda amaitu eta lan gehiago zeneukala etxean jakinda. Arropak prestatu, maletak egin, autoa mekanikoarenera eraman, mota eta kolore guztietako trasteak erosi... eta haiekin autoa bete. Dena eraman behar baitzen oporlekuetara. Badaezpada. Eta oporraldi haiek ez zutela balio ondorioztatu zenuten, akiturik hasten zenituztelako bakantzak, eta handik bueltan, dena hustu, eta berriro martxan jartzeko prestakuntzekin, akiturik hasten zenutelako lanaldia. Hegazkinez bidaiatzen hasi zineten orduan, urrun joanaz, baina hoteletara. Eta hango berri bazenekite bezala itzultzen zinetela ohartu zenuten gero, hamabost egun horietan bertakoen etxe guztietan sartzeko aukera izan bazenute bezala. Zuek zenbat gozatzen ote zenuten, hori zen buruari egin beharreko galdera, eta ez zenbat lekutara joan zineten. Baina horretan zeundetela, krisi ekonomikoa iritsi zen. Agian aitzakia da, baina soberan ez dituzuenak xahutzen ibiltzeko garaiak ez dira. Eta aurtengo oporrak etxean igaroko dituzue. Ez da leku txarra. Eta hor zaude orain, zirkuari beha, espektakuluan norbaitek zure tokia hartu duela pentsatzen.