GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zenbait datuk estalitako estutasunaren basoa

Langabezia tasak gora egiten duenean, okerrago izan litekeela esaten dute ekonomia arduradunek; horregatik, ez zen harritzekoa atzo, uztaileko datuak ezagutarazi bezain laster, administrazioen balorazio positiboak entzutea. Hego Euskal Herrian, Araban izan ezik, behera egin du langabezia tasak; nolanahi ere, uztaila ekainean baino 2.862 langabe gutxiago daudela amaitu bada ere, duela 12 hilabete baino ia 16.000 gehiago daude. Izan ere, aldeko zenbait daturen abarrek kezkatzeko moduko beste hainbaten basoa estaltzen dute. Ikusita dago erreformek eta murrizketek ez dutela langabeziaren arazo ikaragarria konponduko eta gero eta estutasun handiagoa eragiten dutela, baina administrazioek bide horri eutsi eta beren balorazio positiboetan ez dituzte neurri horien ondorioak aipatu ere egiten. Datu «positibo» horiek ez dute nabarmentzen, esate baterako, uztailean sinatutako 95.520 kontratuetatik 4.398 baino ez direla mugagabeak eta lan baldintzak gero eta eskasagoak direla. NDFri, ordea, ez zaizkio nahiko eskasak iruditzen, atzo bertan langileen soldaten murrizketa eskatu baitzion Estatu espainolari, langabezia tasa lotsagarri eta, batez ere, deitoragarria txikiagotzeko. NDFren -eta gobernuen- kezka, baina, ez dira langileen eta oro har herritarren eskubideak, enpresaburuei proposatutako itunak beste hainbat lan eta gizarte eskubideren murrizketa baitakar berekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo