beatriz arana, itziar pou | AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailearen izenean
Aurreikusitako zorigaitza
Urteak daramatzagu AHTren izaera hiltzailea salatzen: mendiak, bailarak, baserriak, basoak, errekak eta animaliak hiltzen ditu. Baina ez soilik horiek. Pertsonak ere badira horren biktimak. Estatuan hogeita hamar langile baino gehiago hil dira AHTren lanetan, horietako sei Euskal Herrian. Eta Santiagon, urrats kualitatiboa egin du laurogei bidaiari hil eta ehundik gora zauritu dituenean.
Diruarekin AHT elikatzen duten heinean, herritar gehiengoari zerbitzua ematen dion ohiko trenaren eskaintza murriztu eta okertu egiten da, AHTn bidaiatzea batzuetan aukera bakarra bilakatuz. Santiagoko zorigaitzeko gertakizunak argi utzi duen moduan, tamainako abiaduran bidaiarien ziurtasuna ezin da bermatu. Abiadura bera da arazo nagusia. Eta horren ondoren, auziaren kudeaketa tekniko ezin okerragoa etorriko litzateke.
Santiagokoa ez da istripu bat izan, baizik eta abiaduraren desioari eta eskaintzari atxikita doan arriskuaren ondorioa. Agintariek abiadura eskaintzen dute garapenaren ikur bezala. Honek ondorio kaltegarriak besterik ez ditu: teknologiaren konplexutasuna areagotu ahala, akatsak gertatzeko probabilitatea ere handitzen da. Arazoa egiturazkoa da, abiadura eta ongizatea lotzen dituen egitura, hain zuzen. Gainera, azkar eta motel joaten direnen arteko sailkapen eta hierar- kia berriak eratzen dira aipatu jendarte ereduan.
Ematen du momentu latz hauetan gobernuaren kezka nagusia Espainiako abiadura handiaren izena ez zikintzea dela Brasilgoarena bezalako kontratuak ez galtzeko. Horren aurrean nozibitatea mundu osoan barreiatzea irmoki arbuiatzen dugu. AHTrik ez, ez hemen ez inon.
Gure iritziz honelako hondamendia berriro ez gertatzearekin kezkatu beharko litzateke gobernua, eta hori betetzeko, AHTren martxan dauden lerroak edo eraikitzeke dauden egitasmoak bertan behera behin betiko eta berehala uzteko galdegiten dugu.
Agintariek abiadurarekin liluratu nahi gaituzte, ziztu bizian leku batetik bestera joatea bizi kalitatearen isla dela sinetsaraziz. Ez gatoz bat honekin. Sistemari komeni zaio guk gure denbora ez hartzea gauzak patxadaz hausnartzeko, abiadurarena bezalako kapitalismoaren mekanismo zapaltzaileaz ez ohartzeko. Guk berriz, gure erritmora joan nahi dugu, ez beraiek markatzen diguten erritmora, eta bidaiarekin eta biziarekin gozatu nahi dugu. Horren aurrean pedalei ekitea aldarrikatzen dugu, jendarte eredu berri justuago bat bizikletaz etorriko baita.