GARA > Idatzia > Kultura

udate | berako jaiak

Dantzaz gozatzeko parada Beran

Dantzak toki berezia izango du gaur, beratarrek ospatzen duten San Esteban egun handian. Gure Txokoa dantza taldeko kideek ez dute atsedenerako betarik izango, goizez eta arratsaldez aritu beharko baitira, herrikideen nahiz bisitarien gozamenerako.

p052_f02.jpg

GARA | BERA

Altxaferoa piztu zuten atzo Berako herriko etxetik, eta Bortzirietako herri hau festa giro bete-betean sartu da. San Esteban eguna ospatuko dute gaur bertakoek eta hara inguratzen direnek, dantzek toki berezia izango dutelarik egunean zehar.

Gure Txokoa dantza taldeko kideek Berako makila dantzak eta bordon dantza egingo dituzte txistularien laguntzaz. San Estebanen ohorez ematen den meza nagusia amaitu arte itxoin beharko da dantzarien emanaldia ikusteko.

Ondoren, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien saioa izango da. Arratsaldean, berriz, 17.00etatik aurrera, Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute, festaz gozatzeko adina ez dela traba frogatzeko asmoarekin.

Egun luzea eta lan handikoa izango da gaurkoa Gure Txokoa dantza taldeko kideentzat, izan ere, 18.00etan beste emanaldi bat izango dute. Berako aurreskua egingo dute Herriko Etxeko Plazan, txistularien laguntzaz. Gero, Berako Bandaren txanda izango da, Herriko Etxeko Plazan bertan kontzertua eskainiko baitu.

Baina dantzak gustuko dituztenak ez dira honekin aseta geratuko, eta 21.00etan dantza herrikoien saioa izango dute Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroen laguntzarekin. Fandangoa, arin-arina, larrain-dantza eta abar luze batekin oinak airean ibiltzeko aukera aparta izango da Beran!

Musikak ere bere lekua izango du Berako egun nagusiaren ospakizunetan. Incansables txaranga etengabe ibiliko da jotzen karriketan egun osoan. Gauerdian, berriz, Beragaztek antolatuta, kontzertuak izango dira Altzateko plazan, Kaskezur eta Zakillers taldeen eskutik. Ordu bata aldera, entzierroa egingo dute kartoizko zezenekin txosnetatik hasita.

Biharko eguna ere indarrez hasteko, Incansables txaranga 09.00etatik aurrera Dornakun ibiliko da eta Ezpelur gaiteroak Zalain auzoan.

Kukaña ikusteko aukera izango da bihar, 13.00etan, Illekuetan. Eta indarrak berreskuratzeko, Gaztetxe bazkaria, 14.00etan Altzateko plazan, Kotte akordeoilariak alaituta.

Arratsaldean, pilotari profesionalen arteko partida izango da Eztegara pilotalekuan. Haurrek, bitartean, berbena izango dute. Gauean, La Jodedera taldearen kontzertua izango da Altzateko plazan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo