GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Giza-proba | Finala

Gipuzkoako talderik onena zein den erabakiko da Aian

Orio, Urretxu, Aiztondo eta egungo txapelduna den Berrobi neurtuko dira bihar arratsaldean, 18.00etan. Zortzi lagunez osatutako taldeak arituko dira lanean.

p034_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Ikusmin handia piztu du bihar 18.00etan Aian jokatuko den Gipuzkoako taldekako giza-probako finalak. Taldekako giza-proba orain urte gutxi hasi zen berriro indartzen Gipuzkoan, eta talde asko dira lehian ari direnak. Batzuk lehiaketetan ari dira parte hartzen, beste batzuk desafioetan edo erakustaldietan, baina garbi dago zaletasuna asko igo dela. Taldeetan jende gaztea ari da lanean, eta gazteak gaztea erakartzen duela garbi dago.

Aurretik bi kanporaketa jokatu dira, eta talde bakoitzak bi saio izan ditu, gainera. Haietako lau talderik onenak izango dira bihar arratsaldean iaz Berrobik lortu zuen txapela eskuratzeko asmoarekin. Iazko txapeldunak, ere hantxe izango dira, iaz lortutakoari aurten ere eusteko asmo eta helburuarekin.

Berrobirekin batera, Aiztondo, Urretxu eta Orio lehiatuko dira. Bi multzotan banatuta aritu ziren kanporaketak jokatzen, eta Urretxu eta Orio izan ziren bakoitzeko onenak. Aiztondok ere arazorik gabe lortu zuen bihar Aian izateko txartela, baina Berrobiri dezentez gehiago kostatu zitzaion.

Faboritorik gabe

Biharko finalerako ez dago faborito garbirik. Aurreko kanporaketa ikusita, Orio eta Urretxu agertzen dira garaipena lortzeko bi faboritoak, baina ezin ahaztu beste bi taldeekin ere.

Orain arte egiten ari den beroa egiten jarraitzen baldin badu, eragina izan dezake taldeengan, eta horrek berak ere aukerak zabaltzen dizkie guztiei, Aiako probalekua itxia baita, eta ateak zabalduko dituzten arren, bero egingo du, nahiz eta eguraldiak freskatze aldera egingo duela iragarri duten horretan aritzen diren adituek.

Talde bakoitza zortzi lagunez osatuta joango da, eta talde bakoitzeko tiralari guztien artean ezingo dute 660 kilo pasatu, hori gertatzen bada, pasatzen diren kilo bakoitzeko, bi kilo gehiago erantsiko zaizkio harriari. Taldeen pisaketa, ordu eta erdi lehenago egingo da.

Taldeak binaka arituko dira lanean, eta probalekua, erdian soka batekin banatuta egongo da, kaleak bereizteko. Bi harri egongo dira plazan, eta bakoitzarekin ordu laurdeneko txanda bana izango dute lanerako. Hori amaitutakoan harriz aldatu beharko dute, eta txandatik txandara hamar minutuko tarte bakar bat egongo da.

Horrela talde guztiak baldintza berdinean arituko dira, eta inork ez du inongo aitzakiarik izango. Beraz, guztira, talde bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan metrorik gehien, edo plazarik gehien egiten dituen taldeak lortuko du Gipuzkoako Txapelketa. Probalekuan ez da girorik faltako, eta harmailak betetzea espero dute antolatzaileek.

Ousmane Drame senegaldarrak irabazi du orga-jokoko Euskal Herriko txapela

Ousmane Drame senegaldarrak irabazi zuen asteazken ilunabarrean Algortan Euskal Herriko orga-jokoko txapela.

Afrikarrak lau itzuli, 3/4 eta metro bat egin zituen. Bere atzetik Oskar Perez bizkaitarra sailkatu zen, eta berak lau itzuli, 1/4 eta 5,35 metro egin zituen. Podiuma, berriz, Pierre Casuso lapurtarrak osatu zuen. Berak 3 itzuli, 1/4 eta 1,85 metro egin zituen.

Dramek 29 urte ditu eta orain dela zazpi urte heldu zen Euskal Herrira eta Barakaldon bizi da. Herri kirol munduan zebilen jendearengana hurbildu eta hasi zen orga-jokoan eta txingetan. Orain, Euskal Herriko lehen txapela jantzi du, lanerako gogoa indartuz. J.L.

660 kilo

Taldeko zortzi lagunen artean ezingo dute 660 kilotik pasa. Hori gertatzen baldin bada, pasatzen diren kilo bakoitzeko bi kilo gehituko zaizkio harriari.

Binaka

Taldeak binaka arituko dira lanean, ordu laurdeneko bi txandatan. Aurrenekoa amaituta, kalez eta harriz aldatuko dira, denak baldintza berdinetan aritu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo