sega
Garmendiaren eta Astondoaren arteko apustua Anoetan jokatuko da
J.L.
Joakin Garmendiak eta Irati Astondoak pasa den astean lotu zuten abuztuaren 24an jokatuko duten sega apustua, baina lekua zintzilik geratu zen, belardiren bat edo beste ikusi nahi zituztelako.
Azkenean ikusi beharrekoak ikusi dituzte, eta ados jarri ere bai, Anoetan jokatuko baitute, abuztuaren 24an, 18.00etan hasita. Bakoitzak ordu erdia izango du lanerako. Tarte horretan kilorik gehien ebakitzen duen segalariak irabaziko du. Bakoitzak 600 euro jokatzen ditu dirutan.
Apustu honek ikusmin handia piztu du. Gainera urte asko pasatu dira emakume bat azkeneko aldiz apustu batean ikusi zenetik, eta horrek berak ere zaleen arreta indartu egin du. Lekua ere jendea joateko aproposa da, eta eguraldiak laguntzen badu, jendeak erantzun handia emango du, eta ez da ikuskizunik faltako.
Trontza
Trontzan, pasa den igandean jokatu zen Euskal Herriko kanporaketa, eta finalisten artean aldaketa bat egongo da. Bertarako txartela lortu zuten Ardeok eta Arozenak, baina bizkaitarrek ezin omen dute egun horretan Larraintzarren izan, eta beraiek eskatu dute Bigarren Mailako finala jokatzea. Beraien ordez Iraola eta Garmendia gipuzkoarrak izango dira finalean. Ikaztegietakoak eta Baliarraingoak bizkaitarrengandik ehuneneko gutxi batzuetara amaitu zuten kanporaketa, baina azkenean finalean izango dira. Barberena anaiak, Kañamares III.a eta Eugi, Pikabea anaiak, Irigoien eta Etxenike eta Cano eta Maiza ere Larraintzarren arituko dira abuztuaren 10eko finalean.
Bestalde, abuztuaren 10ean eta abuztuaren 25ean jokatuko dira Euskal Herriko Aizkorako Hirugarren Mailako kanporaketak, eta aurten lehen aldiz plazaratuko den aizkolari bakarra Julen Alberdi azkoitiarra izango da. Gainerako guztiak orain arte txapelketetan aritu diren aizkolariak izango dira.