GARA > Idatzia > Kultura

udate | Lizarrako jaiak

Lizarrako jaietan euskaraz, Garean elkartearen eskutik

Garean Euskaldunon Elkarteak, beste behin, Lizarrako jaietan euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du, hainbat ekimen burutuz. Eguneroko bizitzan euskara sustatzea du helburu taldeak, eta horretarako parada itzela aurkitu du jaien inguruan egoten den giroan. Euskal hizkuntzan adin guztietarako ekimenak bultzatuko ditu datozen egunetan.

p054_f02.jpg

Aitor AGIRREZABAL | LIZARRA

Elkarte honek, Lizarra eta Lizarraldean euskara sustatu eta gure hizkuntzan mintzatu eta komunikatzeko esparruak sortzea du helburu, euskararen normalizaziora iristeko asmoz. Horregatik, jaietan ere, euskal hizkuntzari bere tartea eskainiko diote. Elkartekoek azaldu bezala, euren helburua ez da aldarrikatzea, baizik eta lan egin eta erabakiak hartu euskaraz bizitzeko aukera izateko. Horretarako, jaiak ere gune aproposak dira.

Jaien aurretik hasi ziren motorrak berotzen, eta bezperan haur animazioa izan zen Kulkiren eskutik, Foru plazara gerturatu zen jende guztiarentzat. Gaur, behin festetan ongi barneratuta, Lizarran Kantuz taldea irtengo da euskal kantarik gogokoenekin goiza alaitzeko. 12.00etan Baxenabarra kaletik abiatuko dira, eta Alde Zaharrean barrena ibiliko dira bazkalordura bitarte giro euskalduna Lizarrako kaleetan hedatuz. Arratsalderako, aldiz, laia lasterketa dute iragarrita Santiago plazan, nekazari kulturan hain garrantzitsua izan den tresneria kirolarekin uztartzen duen ikuskizuna eskainiz. Kirolen munduan ere euskarak badu bere tartea.

Euskal kulturak zerbait baldin badu berezi, hori dantzak dira, eta ezin zuten Gareanek prestatutako egitarauan hutsik egin. Igande arratsaldean izanen da Euskal Herriko puntu desberdinetako dantzetan aritzeko aukera. Ez dago Euskal Herrian festa ospatzerik tartean dantzarik ez bada. Asteburua pasata, eta ajeak uzten badu, punteria lantzen saiatuko dira, karba, toka edo txirloen jokoekin. Festa giroan punteria jokoetan aritzea ez da lan erraza suertatzen.

Euskara sustraietatik hazi behar da, eta txikienak izango dira sustrai horiek. Horregatik, garrantzitsua da txiki-txikiak direnetik euskara barneratuta izatea, eta aisialdiarekin lotzea euskal hizkuntza. Hori dela-eta, Haurren Egunerako jolasak prest dituzte, era honetan adin guztietako jendeak festez euskaraz goza dezan. Euskaldun guztiei dei egiten diete ekimen hauetan parte hartzera, festetan euskal hizkuntzan murgiltzeko aukera baliatzera. Jaiak beti jai dira, baina euskaldun giroan ospatzeko aukera eskaini nahi dute Garean taldekoek. Plataformak urteak daramatza euskaraz lan egiten (elebakar), eta emaitzak kaleko giroan ikusi ahal izango dira.

Garean elkarteak Lizarrako Fray Diegoren armarrian zintzilikaturik omen zegoen «Garean gareana legez» esaldia hartu eta berea egin du. Izan gaitezen garen bezalakoak du esanahia, eta hori da helarazi nahi dutena. Euskaldunak gara, eta izan gaitezen euskaldun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo