GARA > Idatzia > Kultura

udate

Red Bayren izendapena ospatu dute Pasaiako Ondartxo ontziolan

Kanadako Red Bay herria Munduko Gizateriaren Ondare izendatu du Unescok, XVI. mendeko euskal balea arrantzaleen aztarnak direla-eta. Labradorren bertan aurkitu zuten «San Juan» baleontzia. Pasaiako Albaola Itsas Kultur Erakundeak Red Bayrekin elkarlan handia izan du, eta izendapena ospatzeko ekitaldi partekatua egin zuten atzo Ondartxon.

p048_f01.jpg

GARA | PASAIA

«Orain dela 30 urte inguru euskal itsasontzi handi bat aurkitu zuten Kanadako Red Bay herrian, urperatuta, baita lehorrean aztarna asko ere. Guztia behar bezala ikertzea erabaki zuten, eta ikerketa prozesu luze baten ondoren museo eder bat eraiki zuten Red Bayn. Tratamendu txukun horrek ekarri du Unescoren eskutik Munduko Gizateriaren Ondare izendapena», azaldu du Xabier Agote Pasaiako Albaola Itsas Kultur Erakundeko lehendakariak. Euskal itsas ondarearen babes eta sustapenerako taldea da, eta azken hamabost urteotan elkarlanean aritu dira Red Bayrekin hainbat proiektutan -«Apaizac Obeto» Kanadako kostaldean egindako espedizioa, esaterako-.

Hori kontuan hartuta, Red Bayko ospakizunarekin bat egin zuen ekitaldi instituzionala antolatu zuten atzo arratsaldean Ondartxon, Pasaiako Ontziola Museoan. Euskal erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten bertan, baita itsas kulturarekin lotutako zenbait eragilek ere. Bideokonferentzia bidez, konexioa egin zuten Red Bayn zeuden Kanadako ordezkariekin, eta ostean, bertaraturikoek, herria zoriontzeko brindisa egin zuten.

Mendeetan atzera jo beharra dago Red Bayren eta Pasaiaren arteko harremanaren lehen aztarnak aurkitzeko. Kanadako badiaren bueltan aurkitutako lurreko aztarnategiak, balearen gantza prozesatzeko labeak, etxolak, teilak, lan-tresnak, ehundik gora euskal arrantzaleren gorpuak, eta abarrek osatzen dute Munduko Gizateriaren Ondare izendatu duten herri txiki honen itsas ondarea. Baina ondare multzo horretan «frogarik nagusiena», XVI. mendean Pasaian eraikitako eta Red Bayn hondoratutako «San Juan» baleontzia da, Euskal Herriko ontzigileek diseinatutako historiako lehen zamaontzi transozeanikoa. Agoteren arabera, izendapenak, batetik, ondarearen kalitatean du oinarria. «Leku hori oso berezia da, euskal baleazaleen aztarna asko daude, beste inon ez bezala». Bestetik, ondarearen kudeaketa nabarmen- du du Albaolako lehendakariak, nola izan den zaindua. «Zainketa eredugarria izan da mundu mailan».

Ontziaren erreplika

1563an Pasaian eraikitako «San Juan» baleontziaren berreraikitzearen hasiera izendapenarekin bat etortzea «kasualitatea» dela kontatu du Agotek. Donostia 2016ren kultur enbaxadorea izango da baleontzia. Egun, proiektu horretan dabiltza buru-belarri. Eraikuntza prestatu, Ondartxo ontziola-museoa egokitu proiekturako... Hilabete bi barru hasiko dira eraikitzen eta 2016rako bukatuko dute ontzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo