GARA > Idatzia > Kultura

udate

Donostiako Piratek Xibaro 77+ kofradia aurkeztu dute Aste Nagusiaren atarian

GARA | DONOSTIA

Hamaika urte igaro dira jada lehen piratek Donostiako kaia abordatu zutenetik, eta mugimenduak hartu duen tamaina ikusita, antolatzeko eredua aldatu eta kofradia-sare bat sortzea erabaki zuten iaz. Horrela sortu ziren Donostiako gazteen Eskifaia, haur eta gaztetxoen Pirata Bihurrien kofradia, eta helduagoak biltzen dituen Folka. Orain Xibaro 77+ kofradia batu zaio piraten mugimendu herritarrari.

Amerika kontinentearen 1492ko konkistatik aurrera esklabotzari aurre eginez, ihes egitea eta komunitate askeak sortzea lortu zutenak ziren xibaroak, beren hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eutsi ziotenak.

«Euskaldunok ere mendeetako bortxari eta akulturazioari aurre egin diogu, eta oraindik ere, gure hizkuntzari, identitateari eta herri izaerari eusteko borrokan dihardugu, askatasunaren bidean. Gurean ere baditugu duintasunaren ordaina ziega ilunetan ordaintzen ari diren xibaroak. Eta baditugu iluntasun horretatik ihes egiteko urruneko txoko eta mendietako sasiartean dabiltzanak ere», azaldu zuten atzo. Horretarako jaio da Xibaro 77+, «gune askeak sortuz ziegetan ditugun 77 donostiar xibaroak eta inon ote diren lekutan daudenak ekarri eta gurekin batera aske bizi daitezen».

Aste Nagusirako hainbat ekimen antolatu dituzte: hilaren 16an «Renkartelada» koloretsua egingo dute txarangarekin eta abuztuaren 17an Xibaro Eguna ospatuko dute. 14.00etan herri bazkaria egingo dute La Flamenka gunean, ondoren Bertso Pilota saioa izango da lekuan bertan eta umorean jarraitzeko, 19.30ean Tajon Prieto y los Kuajolotes taldearen kontzertua izango da. Deia egin dute gainera, zapi pirataz gain, xibaro txalekoa janzteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo