GARA > Idatzia > Kultura

udate | Berangoko jaiak

Jai herrikoirik ez, aurtengo Berangoko santodomingoetan

Giro gazi-gozoa izaten ari da aurtengo Berangoko jaietakoa. Igaro dira Santa Ana jaiak eta atzo hasi ziren santodomingoak, baina aurten herritarrek ezin izan dute festen antolakuntzan parte hartu. Izan ere, Udalak Kukullaga jai elkarte herrikoia baztertu du Jai Batzordetik, horretarako «hainbat baldintza» betetzen ez zituztela argudiatuta.

p055_f02.jpg

Jonebati ZABALA | BERANGO

Berangoko Santo Domingo jaiak hasi diren arren, ez da giro Bizkaiko herrian. Izan ere, Udalak Santa Ana eta Santo Domingo jaietako antolakuntzatik baztertu du Kukullaga jai elkartea. Orain dela urte bi sortu zuten taldea Berangoko bizilagun eta kultur elkarteek, «herritik sortutako eta herriari zuzendutako jai batzuen alde». Aurten, ordea, Anabel Landa alkateak elkarteak baldintza guztiak betetzen ez dituela adierazi zuen. «2012ko jaiak antolatzeko, udalak eman zuen diru-laguntza justifikatzeko dokumentuak epez kanpo aurkeztu zituen jai-batzordeak; bigarrenik, justifikatzeko aurkeztutako agiriek ez zuten jasotako diru-laguntza osoa justifikatu. Gainera, elkarte horrek zorrak dauzka jaiak egiteko kontratatutako enpresa batzuekin. Beraz, aurten ezin ditugu jaiak elkarte horren esku utzi».

Kukullagako kideak ez datoz bat alkateak esandakoarekin. Esperientzia falta dela-eta, akatsen bat egin dutela onartzen duten arren, horiek euren gain hartu eta konpontzen saiatu direla diote. «Zorrak ez dira alkateak esaten duen bestekoak: 2.426,44 euro dira, gure poltsikotik dirua jarri ostean». Zor horiek kitatzeko dirua biltzeko ekimenak egin dituzte. «Akatsak zuzendu edota alternatibak bilatu eta aurkitu ditugun arren, agerian geratu da udaleko arduradun politikoek ez dutela inolako borondaterik herriak sortutako edozein ekimen babesteko. Horregatik, aurten, berangoztarroi ez digute inolako aukerarik emango jaien antolakuntzan parte hartzeko». Besteak beste, Bakailao Egun tradizionala berreskuratu zuen jai batzorde herrikoiak. Urteak ziren egiten ez zena, eta lehiaketa formatua berreskuratu zuten Kukullagako kideek.

Gaur, erromerian dantza

Orots erromeria taldeak Euskal Herriko plazak bete izan ditu azken urteotan, izen horrekin zortzi urte daramaten arren, beste hainbat taldetan ere aritu izan dira hirukoteko kideak. Josemari Pelaez gitarra jotzaileak hogei urte luze eman zituen Egan talde ezagunean, besteak beste. Teklatu-jotzailea eta baxu-jotzailea Nekez eta Berakatz Banden egon dira, oñatiar eta azpeitiarrak.

Taula gainean, asko aldatzen saiatzen direla dio Pelaezek. Batez ere euskal musika jotzen dutela. Gaur gauean, 23.00etatik 02.00etara gelditu gabe arituko da hirukotea Berangon. Santo Domingo jaietako bigarren egunerako Oskorri, euskal dantzak (Lantzeko inauteriak), Barricada, folk zelta,«musika modernoagoa» ere jotzen dute, Ken Zazpi, baina baita rantxerak ere! «Aurrean dugun publikoaren arabera ere aldatu egiten dugu gure kanta errepertorioa. Baina batez ere dantza egin eta ondo pasatzeko musika jotzen dugu».

Egun osoan zehar haurrentzako jolas parkea egongo da. Tirolina eta rokodromoa izango dute nagusitxoagoek 18.00etatik aurrera. Frontoian pilota partiduak izango dira, eta Simon Otxandategi herriko dantza taldeak emanaldia egingo du.

Bihar, idi probak egongo dira. Los Txikis talde mitikoaren «bilbainadek» herriko kaleak girotuko dituzte. Gosea sartzen denean 20.00etan oilasko izterrak banatuko dituzte, trikitixaz lagunduta. Lotxo erromeria taldea izango da gaua girotzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo