udate | ipar ekhian
Soineko lirainja
Jon GARMENDIA | Idazlea
Aspaldidanik desiratzen zenuen. Tentazio handiegia zen zuretzat, saihestu ezineko tentazio bat. Egunero behatzen zenuen, erakusleihoaren aitzinetik pasatzen zinelako, baina pasa gabe ere behatzen zenuen, oroimenera heltzen diren irudiak ikusteko barne begi distiratsuekin. Han zen bere gotorlekuan, harresi ikusezin haiek bota, eta zure eskuetara noiz iritsiko, itxaroten. Bazenekien zuretzat egina zela. Eta ez zeneukan haren beharrik, bizi zintezkeen hura gabe, baina zuretzat behar zenuen, besteek jada gehiegitan behatu zutelako jantzi hura, euro batzuen truke zure bilakatu zenuen soineko lirainja. Baina etxera eraman orduko ulertu zenuen zuen harremana aldatu zela, jada ez zeneukala desirarik harekiko, eta berak ere zure eskuetatik ihes egingo balu bezala behatzen zintuela. Elkarrekin oheratzen diren bi lagunen antza hartu zenuten orduan, aurrez ukan zuten konplizitatea berreskuratu nahian, jakinik, ez zirela gehiago itzuliko harreman bera ukaitera. Horregatik gorde zenuen armairuan, haize boladak jotzean, zure gorputza erdi estali, eta haizea hartzera ateratzeko. Han utzi zenuen estreinakoa eman gabe zeneuzkan galtza pare, kapelu, zapata eta atorren artean. Zalantza ere ukan zenuen memento horretan, ea beste ezerekin edo nehorekin pasioa hain fite itzali ote zitzaizun. Auskalo. Eta orain, abuztuko beherapenen zain zaude, erakusleiho berean ikusi duzun soineko berdearekin maiteminduta.