GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Bigarren tirokatzailearen teoria

Ohiturazko bizioa da 2112. urtean inoren oroitzapenak ziztatzea. Drogarik gogorrena baitira oroitzapenak. Batzuetan, ordea, Didi Larreari gertatu zaion bezala, materiala «adulteratuta» egon ohi da...

3.atala

Jazz Malanda dealer-ak emandako memodosia ziztatu du Didi Larreak memounitatean. Zuhaitz erraldoiak inguruan, makalak eta lizarrak gutxi, pinu zikinak non-nahi. Insignis. Gautzen ari duela dirudi Eremu Babestutik kanpo. Under Your Responsability Beyond This Point. Errumanoideak eta prostituzio errobotiko merkea ikusgarri egiten direneko ordua. Ilargi bakarra ageri da zeruan, zuri-zuria, orbanik gabea. Une batez, mila bederatziehun eta koska izan zitekeela otu zaio Didi Larreari. Baina ez: 2112. urtean daude.

«Hau dena ezaguna egiten zait», pentsatu du Didi Larreak. Eta zain geratu da, erosi berri dituen oroitzapenen efektua sentitzen noiz hasiko. Norberarenak aski ez eta, besterenak zurrupatu behar. Nork zurrupatzen duen nor eta nork kontsumitzen nor, hor dago koska. «Droga-saltzaileak ez dio drogarik saltzen drogazaleari. Alderantziz da: drogazalea saltzen dio drogari». Non irakurri ote zuen hura? William S. Burroughs, gogorarazi dio egile eskubideen kontrolerako oronet-ak betazalaren parean. Kakitzat, orain ere ordaintzea tokatuko zitzaion. Egia galanta zen, edozelan ere: droga-saltzaileak drogazalea saltzen dio drogari.

Barneko ahots batek diotsa: «Zarena zarela uste duzu?».

Laster eroriko da Didi Larrea memodosiaren eraginpean. Berau da drogarik gogorrena. Oroitzapenena. Adikziorik latzena.

Jamal Fernandez Kortajarena lehendakaria kapotarik gabeko auto batean doa. Diego Lopez de Haro hiribideko alde bietan pilatutako jendeak banderatxoak astintzen ditu airean, txaloka. Haiek denak agurtzen doa lehendakaria kapotarik gabeko autotik. Ondoan du emaztea, kapela koketo bat jantzita -pamela bat-; jendea agurtzen ari da hura ere. Bizkartzainak oinez doaz autoaren inguruan, presaka, ezker-eskuin begiratzen dutela, traje ilunez eta gorbataz jantzita, betaurreko beltzekin, adi eta atezuan, tragedia usainduko balute bezala. Edo haiek dira beren urduritasunarekin tragediari deitzen diotenak, agian?

Didi Larreak berehala jakin du norena den memodosi hura: frankotiratzaile batena. Eskularru beltzak ikusi ditu eta fusilaren punta leihoko arasan bermatuta.

Gizaseme goapoa da Jamal Fernandez Kortajarena. Arrakasta du emakumeen artean. EAJren hautagairik aurrerakoiena ei zen. Aurreikuspen guztien kontra irabazi zuen eta berak agintzen du orain Euskal Protektoratuan. Itxaropen handiak zituen jendeak beragan -handiegiak, beharbada?-.

Zergatik dago frankotiratzailea hura tirokatzeko atakan, orduan? Diruagatik, pentsatzen du Didi Larreak ziztatu duen memodosiaren zirrararen eraginpean. Zergatik, bestela? Ez daki nork ordaintzen dion, baina ederki ordaintzen diote, hori da egia. Begipuntuaren xedean dauka JFK, tiro egitear dago, baina hatza katuan jarri baino lehen heldu da detonazioa. Lehendakaria makurka, haren emaztea oihuka, gainera bota zaizkio bizkartzainak. Tirokatua izan da. Lurrean dago Jamal. Oihuka dabil nora ezean jendetza, akuri izutuak legez. Negarrez eta histeriak jota baobiltar jator arruntak. Aurreratu egin zaizkio frankotiratzaileari. Nor aurreratu zaio, ordea?

JFK tirokatua izan dela diote lehenbizi, ez besterik. Gero, larri dagoela. Egia zabaldu da azkenik: hilik datza. Lee Harvey Oswald izeneko gizon bat atxilotu dute. Zoro bat omen da, bakarrik jardun duena. JFK zerbitzu sekretu euskaldunek erail duten zurrumurrua hedatu da: boterean zegoen alderdi abertzalearen adarrik atzerakoienak oso gaizki zeraman lehendakari musulman bat izatearen kontua. Jaungoikoa eta Lege Zaharra bai, baina goiko hori Ala izatea..., hori besterik zen. Goian bego Jamal Fernandez Kortajarena. «The great muslim hope».

Dena oso azkar gertatu da. Dena oso azkar gertatzen da memodosietan, inoren oroitzapen erabiliak kontsumitzen ari zarenean. Batez ere lehen ere gertatu delako gauza bera edo oso antzekoa. Errepikatu egiten delako historia. Bala bat? Bi bala? Nondik? Isozaki Dorretik? Dallas izeneko taberna batean Sylesia planetakoa dirudien oinbiko musker hominidoa agertu da ispiluan: «you´re guilty». Memodosi hura nahasia zen oso, adulteratua. Bigarren eskukoa segurutik. Sintetikoa, agian? Chainisek labealdi berria bidali omen zuten.

«Bigarren tirokatzailearen hipotesia ez da guztiz baztertu, in fact», diote albist-harian.

«Euskaldun guztiok sentitzen gara today guilty».

Izerdi patsetan esnatu da memodosiaren eraginetik. Ondoan du Jazz Malanda.

-Are you ok, Didi?

-Zer eman didak? Sintetikoa zuan?

-Are you kiddin´? Nik lehen klasekoa saltzen diat. White label. Eskatutakoa baino ez diat eman: finetik, gramo bat.

-Fucking lausoa zuan ametsa, History Chaneleko dokumental bat nahastu izan baliote bezala morroi honen oroitzapenari, all mixed up. Bi kanal aldi berean sintonizatuta baleude bezala... Ez zen oso erreala...

-Erreala? Who wants that? Dena ari duk etengabe gertatzen. Etorkizunaren gauzarik onena horixe duk: iragan izango dela egunen batean. Past time dela jada...

Ordura arte ez da ohartu emakume bat daukala ondoan. Emakume eder bat, bera baino memojunkie handiagoa izateko itxura guztia daukana.

... biharko kapitulua:

DNABOOK

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo