GARA > Idatzia > Ekonomia

Hiritarren arreta zerbitzuko gatazka oraindik zabalik dagoela salatu du LABek

p022_f01_96738.jpg

GARA | GAZTEIZ

Gasteizko hiritarren arretarako zerbitzuko lan gatazka itxi gabe dagoela ohartarazi zuen atzo LABek, izan ere, horretarako «borondate politikoa» ezinbestekoa dela deritzo sindikatuak eta gaur-gaurkoz ez du jarrera hori sumatu PPko Udal Gobernuaren aldetik.

LABek atzo prentsa agerraldi batean azaldu zuenez, oposizioko alderdiek eta sindikatuek lantalde bat osatu zuten gatazkari irtenbide bat bilatu nahian, betiere langileei ahalik eta kalte gutxien eragingo dien alternatiba bat garatuz. Proposamen horiek eztabaida mahai batera eraman behar dira orain, eta, zuzenketak sartu ostean, osoko bilkuran aztertuko dira.

LABen ustez, enplegu publikoa mantentzeko beharrezkoa da borondate politikoa izatea. Horregatik, Gasteizko Udaleko oposizioko alderdien gain utzi du lantaldearen proposamenak aurrera ateratzeko ardura.

Ildo horretan, PPren interes falta salatu zuen sindikatuak eta horren adierazletzat jo zuen 010 arreta zerbitzuaren inguruan EAJrekin sinatutako akordioa. «Ez du bermatzen ez denik enplegua suntsituko», azpimarratu zuen LABek, eta abenduaren 31n hamazazpi langilek euren lanpostua gal dezaketela ohartarazi zuen.

Udal Gobernuaren helburua administrazio publikoa txikitzea dela uste du LABek eta horretarako «xantaia» erabili duela kritikatu zuen. Adibide gisa, lehen zentro guztietan ematen ziren zerbitzuak orain gutxi batzuetan bakarrik eskaintzen direla nabarmendu zuen.

Proposamenak

Sortutako egoeraren aurrean, LABek zenbait proposamen eta eskaera jarri zituen mahai gainean, nagusiki, orain arteko lanpostuak manten daitezen. Bestalde, Lan Eskaintza Publiko bat deitzea exijitu zuen, betiere «lanpostuak arriskuan jarri gabe».

Gainera, Gasteizko auzo guztietan hiritarren arretarako zerbitzua eskain dadila eskatu zuen, horrek enplegua mantentzeko balioko duelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo