GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

«Espainia marka», egun bateko erakusgarriak

Daniel Galvan, joan den astean Marokoko erregeak indultua eman zion pederasta, atxilotu egin zuten atzo Murtzian, Mohamed VI.ak indultua atzera bota ondoren. Galvanen indultua, beste 47 presorenarekin batera Juan Carlos I.ak eskatutakoa, oharkabe geratuko zatekeen seguruenik Marokon bertan herritarren protestek gogor salatu izan ez balute. Espainia eta bere erregea, «enbaxadorerik onena» haren defendatzaileek diotenez, ez dira oso leku onean geratu, baina hori ez da «Espainia marka» ditxosoaren erakusgarri bakarra, Gibraltarreko auziak Estatu espainolaren benetako izaera are ageriago utzi du eta. Gobernuaren jarrera larderiatsua, hainbat hedabidek txalotua, bere inperioaren deuseztapena onartzen ez duenaren kasketa da. Madrilen jarrera Gibraltar berreskuratzeko bideari ekiteko saioa izateko eskatzen dute zenbaitek, baina saio horretan bertako herritarren borondatea hutsaren hurrengoa da. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, egunkari espainiar batek Angel Carromeroren adierazpen bitxiak zabaldu zituen atzo. Duela urtebete Kuban izan zuen auto istripua herrialde hartako zerbitzu sekretuek eragina izan zela eta berarekin zihoan disidente kubatarra, Oswaldo Paya, horiek hil zutela dio PPko politikariak. Bere kontrako epaiketa «pantomima» hutsa izan zela ziurtatzen du, ez omen zuen berme prozesalik izan eta. Estatu espainoleko bermeez ari da, nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo