udate | ipar ekhian
Irribarrearen kolorea
Jon GARMENDIA Idazlea
Bazen haur tipi bat, hiriko karriketan jostari ibiltzen zena. Ez zituen toki hertsiak maite, gutiago arauak, eta hautatu gabeko inertzia guztietarik urrun sentitzen zen, honela, barneratua zeukan urte berean sortu izanak ez zituela bere hurbileko bilakatzen eskola lagunak, eta, lagunen xerka, karrikan ibiltzen zen. Irriñoak bildumatzen zituen, hura zen bere pasioa, jendeari aurrez aurre behatu eta fitsik erran gabe ahoak irribarrea nola marrazten zuen ikustea, eta irribarre hura, bere bihotzaren barnean gordetzea, betirako zaintzea. Egun gutitan anitz bildu zituen ordea, eta denborarekin haiek ahanzten zituela ohartzen hasi zen, honela, irribarre bakoitzari kolore bat eransten joan zen, manera hartan errazago oroituko zituelako. Ostadarraren koloreak baliatu zituen lehenik, gorria, urdina, laranja, horia, berdea eta morea; baina kolore haiek identifikatu zezaketena baino irribarre gehiago bildu zituen ordu gutitan, ez zuen aski, eta nahasketekin hasi zen, gorrimina, gorriluna eta gorribizia bezalakoekin, albertxiko, korala eta beixarekin. Koloretako erreinu bat sortu zuen haurrak, sortaldetik sartalderaino, eguzkiaren ordez zoriona ageri zuena. Baina halako batean karrikak grisez jantzi ziren, zuri-beltza nagusitu zen, eta haurrak, nekez lortzen zuen irribarre bakar bat eskuratzea. Agian, irribarre guztiak bere bilduman zeuzkala pentsatu zuen orduan, baina ezinezkoa zen hori, eta berak bezala beste guztiek bilduma egiten zihardutela deliberatu zuen azkenik. Honela, mundu koloretsua preso bilakatu ordez libre utzi behar zela ulertu zuen, eta bera hasi zen nahinori irribarreak eskaintzen, bere eredua, jende guztiak segituko zuen esperantzan.