GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Sormena eskaini

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Ama como a estrada começa», Mario Cesariny poeta portugaldarraren olerki ezaguna da, Portugalen behintzat. Cesariny olerkari surrealista zen, baina batez ere bizitzari modu berezian heltzen zion pertsona; izan ere, surrealista izatea baino interesanteagoa da bere sormen lanaren gainean erakusten duen filosofia edo pentsaera, eta bizitzari horrela heltzeko modua. Izan ere, surrealista, errealista edo beste edozein definizioak nolabaiteko gogoeta erakusten du sortzailearen aldetik; ez da korronte artistiko batean lerrokatze soila. Adierazpen artistiko ezberdinetan, dela antzerkia, pintura, literatura... korronte ezberdinak agertu izan dira, adierazpen horien gaineko gogoeta ezberdinak azalduz, etikoak zein estetikoak. Eta gogoeta horiek bizitzari begiratzeko modua ere izaten dira. Sormenaren adierazpen ezberdinek garatu dituzten estiloak, korronteak eta generoak bizitasunaren eta gogoeten isla dira; eta hori beti ona izaten da euren garapenerako.

Ipuin kontagintzan, ordea, zer adierazpen korronte agertzen dira? Zer kontaketa korrontek aurkezten dituzte euren sormenaren gaineko gogoeta eta bide ezberdinak? Esango genuke inongorik ez dela agertzen. Ba ote dago kontalaririk bere burua korronte naturalistan, edo surrealistan, edo errealistan, kokatzen duenik? Beharbada ipuin kontalaritza mugimendu artistiko gisa oraindik gaztea izateak zerikusia izango du horretan; baina agian bada garaia halako korronte artistiko ezberdinak ere agertzen joateko, horrek esan nahiko bailuke sormen lanaren gaineko gogoetak zabaltzen ari direla, kontalaritza etikoki zein estetikoki ulertzeko modu ezberdinak garatu nahi direla. Ipuin kontalaritzak halako adierazpenak eta gogoetak behar ditu, arte garaikide gisa garapen zabalagoa izan nahi badu behintzat; orduan, «Ama como a estrada começa» ipuina kontatzeko aukera izan genezakeen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo