GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Isilpeko gizakien mundua

Nork esan du espioitza zerbitzuak esker txarrekoak direla? Hara norainoko leialtasuna erakusten duten mesede egin dietenekin, gizatxar gorrotagarriak direnean ere!

Marokoko hedabideek jada «Danielgate» deitu duten horren funts higuingarria ahaztuko bagenu, komedia arin baten gertabidea lirudike: gaiztakeria potoloak egiteagatik luzarorako kartzelatuta dagoen tipo batek presondegitik ospa egitea lortzen du, haren izena ipini duelako beste norbaitek zorioneko zerrenda batean; piztiak hanka egin eta gero konturatu dira komedian esku hartu dutenak ia inork ez dakiela nor/zer den/zen tipo hori, eta nor edo nork ziria sartu diola norbaiti; gaizkileak kaltetu zituenak benetan haserretu direlako, elkarri mokoka hasi behar izan dute komedianteek, «begira ezak nolako lardaskerian kakaztu nauan!»... eta hanka-sartzetik nola irten elkarri itaunka. Eta oraindik ez da amaitu antzezpena.

Komedia ez ezik, drama ere badela esango nuke, ordea, kaka-nahaste horretan dabiltzanentzat. Bi estatu auzokide-lehiakide-bazkide, bakoitzak berearekin nahiko zama duenean, ia debaldeko saltsa batean murgildu dira, zein bere alprojakeriaz. Bi urte zeramatzan Mohamed VI.ak mirariak egiten Udaberri Arabiarraren polenari ihesi, eta hara non azkenean berak eskaini dien kaleko aseezinei mugida ederra sutzeko parada; jakina, errua, azkenean, beste norbaitek nozitu beharko du Marokoko agintean, usadioak agintzen duen bezala. Itsasarteaz bestaldeko «osaba» ere hala moduz zebilen, eta erdi arrastaka joan da arestian ilobarengana, horretarako behintzat balio duela erakusteko edo... esku artean zeraman ditxosozko zerrendarekin gertatu behar zuena usaindu gabe. A zer parea! Eta okerrena iristear egon daiteke, Daniel Galvan delako horren benetako nortasunaz dauden susmoak argitaratzen badira. Lotsagarrikeria askoz urrutirago hel daitekeelako.

Ia inori ez diot aditu, ordea, pasadizoaren inguruan lehentasunezkoa iruditzen zaidan gogoeta. Zerbitzu sekretuen isilpeko mundu horri buruzkoa, hain zuzen. Izan ere, Galvan edo dena delako horren trataera txundigarriaren ulerbide ia bakarra, ahapeka esan den horretan legoke: espioi/saldu bat izana dela, irakiarra agian, horren mozkinetatik bizi dena... Nork esan du espioitza zerbitzuak esker txarrekoak direla? Hara norainoko leialtasuna erakusten duten mesede egin dietenekin, gizatxar gorrotagarriak direnean ere! Nahitara ez bada ere, begira nolako saltsatan sartzeko gai diren morroia libratzeko?

Noski, gauzak oso bestelakoak dira morroia, zintzo samarra izaki, ondraduegia agian, zerbitzuaren joan-etorrietan aurkitu dituen isilpeko zikinak argitaratzen hasten denean. Horientzat ez dago barkamenik ez meniarik. «Danielgate» hau jazotzen zen une berean ikus genezakeen ifrentzua Snowden kasuan: NSAren espioitza ilegalak ezagutarazi dituena atxilo itzul ziezaieten, Ameriketako Estatu Batuek Errusiari hitzeman zieten, ofizialki, ez diotela «heriotza zigorra ezarriko»... Harrapazak! Eta ia aldi berean ehunka urteko kartzela zigorra ezartzen zitzaion Bradley Mannig soldaduari Wikileaksi eginiko filtrazioarengatik. Hori bai, heriotza zigorrik ezarri gabe, «ez zaiolako frogatu etsaiarekiko elkarlana».

«Etsaia» gu, herritarrok gara, bistan denez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo