GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | AIHOTZ PLAZAN, BERTSOLARIAK

Baso berrerabilgarri ezberdinekin topa, Independentista Eguneko bertso saioan

Julio Soto, Andoni Egaña, Orlando Arreitunandia eta Ruben Sanchez izan ziren Andre Maria Zuriaren jaietako bigarren emanaldiko protagonistak, bertso eta basoen bidez berotzarra ahaztea ahalbidetu zutenak, edalontzi berrerabilgarri zein baino zein xelebreagoarekin bakoitza.

p044_f01.jpg

Amaia GARTZIA

Beroak bero, Aihotz plazako zitak ez du eserleku hutsik uzten. Jaietako bigarren emanaldia izan zen atzokoa, eta oporretako plan ezberdina zutela eman zioten hasiera bertsolariek: batek herrira, besteak Gasteizko jaietan geratu, honek hondartzara, hark mendira nahi zuela.

Soto, Gasteizen geratzen tematuta, besteak nora joan bost axola zitzaiolarik, bere maria landareak zaintzeaz kezkatuago agertu zen; Egañak, aldiz, Avilara joateko asmoan etsi gabe jarraitzen zuen, nahiz eta horretarako besteak «portamaletasen» sartu behar. Sanchez eta Arreitunandiak, ostera, udako klasiko izaten diren itsasertzera eta mendira joateko aukerak defendatu zituzten.

Ondoren, bazterrak nahasten ez, garbitzen zituzten langile bihurtu ziren Egaña eta Soto, errepideetako sasiak txukun uzteko, baina aitzur bakarra zeukatela. Haien lanerako grinaren erakusle, batera zein bestera ibili ziren, batak besteari aitzur bakarra erabiltzeko «ohorea» utziz, zein baino zein adeitsuago. «Gogoa berdina, baina edadea hobeagoa» hark zuela, Egañak Sotori, eta azken honek, aitzitik, aitzurra berari ez, Egañari begira zegoela erreplikatuz. Egañak ordea, aitzurraren ahoa bai, hari begira zegoela aitortu, baina lan hauetan dirudienez ohitura gutxikoa den Sotori lanabes hori kirtenetik eta ez ahotik heltzen zaiola azaldu zion.

Ondoren, «bata kontroletan, bestea txosnetan» erakusten diren Espainiako nortasun agiria eta euskal nortasun agiria bilakatu ziren Soto eta Arreitunandia, hurrenez hurren, biak kartera beraren barruan. Edota unibertsitatean izen-ematean gaur egungo bertsolaritza eta bertsolaritza klasikoa ikasgaiak aukeratu zituzten ikasle, Egaña eta Sanchez. Lehenengoak «fosilak estudiatzea» gogoko ez zuela aitortuta, bigarrenak, ostera, fosilek harriak nondik datozen ulertzen laguntzen dutela aitortu arren, Egaña eta Txirrita zena alderatzerik ez zegoela bota zion. Xaxatzeari utzi gabe, Txirritaren alderdi umoretsua ekarri zuen gogora Sanchezek, «beti beltzez» janzten den Egañarenaren aldean desberdin.

Mota ezberdinetako edalontzi berrerabilgarriekin topa egin behar izan zuten gero lau bertsolariek. Baina, egun, txosna guztietan ikus daitezkeen basoak erabili beharrean, zein baino zein bereziagoa. Soto, txupitoak edateko baino balio ez zuen edalontzitxo xixtrin batekin -«txupitoak daude modan»-, Arreitunandia, baso bat baino bere semearen hondartzako plastikozko kuboaren antz handiagoa zuenarekin. Sanchezi, benetan zorioneko, fundamentuzko katxi batek behar duen edalontzia egokitu zitzaion; eta Egañari, bere glamour-aren seinale, xanpaina edateko kopatxo elegantea: «Suerteak ere ederki daki, chic-tasuna non dagoen».

Hitza hartu gabe ere, bere txanda heltzen zen bakoitzean jendearen algara eragiten zuen Arreitunandiak -bera bai berrerabiltzearen eredu-, halako basotzarrarekin nondik edan eta etxerako bidean «non hustu» bazeukala bota zuen. Bestalde, arrunkeria «inola ere» jasaten ez duen Egañak, bere edalontziak emaniko status berriaren erakusle, gau osoa Antoine eta C´est moi esaten jardun behar zuela aitortu zuen. Sanchezek Antoine-keriak alde batera uzteko esan zion, eta bere katxiari zuloak eginez laurak hortik edatera gonbidatu zituen.

Horrez gain, klausurako moja bihurtu zen estreinakoz Egaña, eta komentuko logelan «Salvame» saioa ikusten harrapatu zuen Arreitunandia moja nagusiak: «Hau ez da bekatua, hau da hurrengoa». Ur bedeinkatuarekin salbatzeko aukera eskaini zion jarraian, baina telebistari baldekada ur bedeinkatu botaz. Egaña mojaren zaletasuna hain zenez handia, saio horretako kolaboratzaile denen izenak aipatzeko gai izan zen, baita Matamoros delakoarena ere, «Horixe da Espainia kristautu zuena».

Bukaeran, libre aritzeko txandan, ezagupen «arrosa» hauek garesti atera zitzaizkion Egañari, «Salvame»-rekin «total engantxatuta» zegoela esan baitzion Sotok, eta «nolakoa den benetan» agertu zuela, Arreitunandiak. Baita «denak ezagutzen ditu» ere Sanchezek. Hirurei erantzunez, «inkultura jeneral deitzen zaio horri», bota zuen orduan Egañak. Eta azkenik, Sanchezek galdera egin zuen, Egañak ez al zuen «gure Matamoros» ematen.

Txismeria

Horrez gain, Los Txismes kuadrillak bere ohiko Txismesaria banatu zuen atzo. 2010ean 60. urteurrena bete zuen taldeak urtero ospatzen du abuztuaren 6ean bere eguna, Andre Maria Zuriari egindako lore eskaintzarekin. Aurten, Iñigo Gracianteparaluceta eta David Apariciori eman diete saria, urteetan Gasteizko erraldoien irudia bultzatzeagatik, erraldoien konpartsa zena, erraldoi talde oso bat bihurtzeagatik.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo