GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Antigoaleko gauzen arimaren bila Angelun

Gauza edo objektuei ematen diegun garrantzia oso da aldakorra pertsonaren arabera, are gehiago zaharrak baldin badira. Angeluko Quintaou plazan, atzotik gaur arratsera, hamaika zaharkin zale badabil atzera eta aurrera antigoaleko gauzen merkatarien eskaintza arakatzen, bihotza kitzikatuko dion traste, gailu edo apaingarri baten bila.

p035_f01.jpg

Testua: Arantxa MANTEROLA   Argazkiak: Gaizka IROZ, A.M.

Hamabigarren antigoaleko feriaren estreinan eguraldia lagun zutela aitortzen zuten merkatari gehienek atzo, Angelun. «Euriari eusten badio bederen, guretzat primerakoa; eguzkirik ezean, turistak hondartzetara baino hona erakartzeko aukera gehiago dugu», zioten Estatu frantseseko bazter guztietatik, baina batez ere hegoaldetik, jindako piltzarketariek. Pittaka-pittaka, zaharkinzale eta kuxkuxeroak arrimatzen hasi ziren, baina egia esan, goiz partean ez zegoen halako jendetza. Salmenta mahaietan edo bakoitzak zuen eremuko lurrean bertan paratutako bitxikeriak begiztatzeko are eta hobe.

Quintaouko feriaren ezaugarri bat aniztasuna da. Askotariko objektuak aurki daitezke: altzari, margo, baxera, lanpara, jostailu, ontziteria, pitxer, liburu eta aldizkari, erloju edo errezoak belauniko egiteko kadirak ere bai.

Merkatarien artean ere ikuspegi desberdinak zeuden. Batzuk kexu ziren: «Bisitari gutxiago dago oro har. Gaur egungo garaietan normala ere bada, finean guk saltzen ditugun gauzak ez baitira baitezpadakoak, plazerekoak baizik. Baina, bueno, beti dago norbaiti `tilt' egingo dion objekturen bat». Beste batzuk berriz, animosogo zeuden: «Pixkanaka bada ere, jendea badator», zioen umoretsu binilozko disko zahar mordoa salgai zituenak.

Ohitura aldaketa

Beren ogibidean aurkitzen dituzten arazoak sakon azaltzen zuenik ere ez zen falta. Hala, dirua egon badagoela nabarmenduta, Jean-Louis Berges merkatariak «kultur aldaketari» egozten zion salmenta eskasia. «Frantzian beti izan da ondarea transmititzeko ohitura. Berez diru-balio izugarria ez bazuten ere, familietan beti baziren altzari edo objektuak belaunaldiz belaunaldi gordetzen zirenak. Orain ez da horretan inbertitzen. Gauzak erosterakoan joera azalekoagoa da, alde ludikoa edo atsegingarria besterik ez da begiratzen», gaineratu zuen Saint Gaudensetik lehen aldiz feria honetara etorritako antigoaletako saltzaileak.

Pixka bat aurreraxeago, Urruñako brocanteurrak lasaiago hartzen zuen motelaldia. «Uda hau ez doa horren gaizki niretzat. Hori bai, azken urteotan denok nabaritu dugu beheranzko joera». Ziburuko zeramika ospetsua salgai zuen gutxienetakoa zen eta norbaitek ontzi handiagoak ez ote zituen galdegin zion, pitxer txiki batek 120 euroko balioa markatzen bazuen ere. «Garai batean oso modan izan zen, baina orain pieza txikiak soilik topatzen dira eta eskaera bera ere jaitsi egin da», gaineratu zuen.

Parez pare 50eko hamarkadako altzariak saltzen zituen Paueko merkatari bat emakume batekin tratuan zebilen mahai txiki bat eta gainean zeukan lanpara laranja baten inguruan. «Bi orduz erreserbatuko dizut, baina ez gehiago», esan zion.

Merkatari gazteak moda eta joerei buruz bazuen berezko teoria. «Jende askok esaten dit vintage diseinuko altzariak modan daudela, baina, nire ustez, ez da moda kontua. Belaunaldi bakoitzak berraurkitu egiten ditu beren aitzinakoen estiloak. Lehen Errenazimentu edo Luis Filiperenak ziren preziatuak. Orain 50eko eta 60ko hamarkadetakoak dira».

«Vintage»-a ez da moda kontua

Zehaztasunetan murgilduta, urte horietako altzariak arkitektoek edota sortzaileek diseinatutakoak direla adierazi zuen: «Urte haietan ez zen altzari disenaitzailerik, eta egiaz, zizelkari edo arkitektoen berezko sorkuntzak dira. Batez ere altzari italiarrak daude merkatuan, hangoak oso aurrerakoiak izan baitziren urte haietan».

Beren ogibidea ezagutzen duten seinale, beste bi merkatari hor zebiltzan margo handi bat aztertzen. «Marokon aurkitu nuen eta ederra zela ohartu nintzen berehala», zioen jabeak egindako hautuari bere kideak oniritzia ematen zion bitartean.

Izan ere, ofizio kontua ere bada antzinako gauzen merkatariena. Eta hala errebindikatzen dute gainera. «Maiz dena nahasten da, batik bat, informazio aldizkarietan. Berdin iragartzen dituzte ganbara-husteak (vide grénier) edo brocante feriak, baina ez dira gauza bera. Lehenetara edozein joan daiteke, partikular bat izan bere etxean dituen piltzarrekin edo baita ofizioa ezagutzen ez duen norbait ere. Denetarik aurkitu dezakezu. Baina ogibidea dugunok, juridikoki erantzukizunak ditugu», nabarmendu zuen Bergesek, ofizioaren «deontologia» aipatuta.

Gorabehera horietatik urrun, zaharkinzaleak gustura asko zebiltzan objektuak miresten edo zertarako balio zuten galdezka. Bikote bat duda mugan zebilen 1969ko Rolex markako emakumezko erloju batengatik 1.600 euro ordaindu ala ez. Saltzaile bat bisitari baten jakin-mina asetzen saiatzen zen baxera koloretsu bati buruz azalpenak emanez: «Portzelana da, Villeroy & Boch etxekoa, Acapulco seriekoa. Sei plater azal, 50 euroan utziko dizkizut».

Beste saltzaile batek burdin beltzezko 1930eko oftalmometro batengatik 350 euro eskatzen zituen. «Pieza arraroa da. Optikari edo oftalmologo bati oparitan eskaini nahi badiozu, atsegin izango du. Edo, zergatik ez zure etxean dekorazio moduan jartzeko?», esaten zion laugarren buelta zuen gizon bati, konbentzitu nahian. Agian bosgarrenean amore eman eta tratuan ados jarriko ziren. Izan ere, bazirudien kuxkuxeroak objektu bitxi horri arima aurkitu ziola.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo