GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Logelaren talaia

Jon GARMENDIA Idazlea

Erregina batek nekez ikus dezake erregina izatearen handitasuna zein den, kanpoko begiak behar dira horretarako, eta baita bere eskuetan daukana desiratzeko ere. Zuk, ordea, badakizu erregina bat zarela, barneko begiekin ikusten zarelako halatsu; egunaren goitik beherakoan sentitzen duzun boterea da zurea, eta gauean, zure erreinua eremu sentikor bilakatzeko baliatzen duzu; zure logelaren barnean gotorlekua eraiki zenuen aspaldi, eta han, seguru sentitzen zara. Azken garaietan gainera, zure bisitan heldu dira printzeak, zure xerka. Batzuk urdinak dira, fantasiarik ederrenak barnebiltzen dituztenak, eta beste batzuk, hezur-haragizkoak, zure larruazalari ferekak maitekiro eskaintzen dizkiotenak. Eta oroitzen duzu nola tipitan horma grisek beldur egiten zizuten, han mamuak besterik ez baitzenituen ikusten, leihoa erdi irekia ukaitea eta iluntasuna aski ziren zure barneko beldur guztiak kanpora ateratzeko. Oharkabean ihesi joan ziren mamuak, eta ametsez betetzen saiatu zinen logela, musikari eta aktoreekin, urruneko mitoen argazkiekin, baina nork maiteko ote nau ni? Galderaren zalantzak estutzen zintuen. Nerabe izatearen salneurria. Kezkak, beldurrak, bakardadeak, tristeziak, banan-banan tajutu zenituen zure logela maitean, hura partekatzeko erregea atzeman zenuen arte. Baina ez zuen funtzionatu, ez zen ongi irten. Eta bakarrik aurkitu zinen berriro, logelako talaiatik etorkizunari beha. Eta orain, zure barnean behatzen ikasi duzun garaian, heldutasuna da zure arma, harekin eta zure gotorlekuarekin edozeri aurre egiteko gai sentitzen zara. Azkenean, denetik pasa duenak, etorkizunean ere denetik pasa daitekeela ulertu, eta arriskuari neurria hartzen baitio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo