GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Aurten ere elkartasunari bultzada emango dio Ekimen Erraldoiak

p035_f05_92x144.jpg

GARA | DONOSTIA

Aurten ere, Itzurun elkarteak, Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsak, abian jarri du Ekimen Erraldoia, Itzurunek, Super Amarak eta Aspanogik (Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea) lagunduta. Iaz egin zuten bezala, Donostiako Aste Nagusiaren ikur nagusietako batekin -erraldoiak eta buruhandiak- zerikusia duten kamiseta solidarioak salgai ipiniko dituzte. Hirian diren lau Super Amara supermerkatuetan eta Itzurunen kalejiran erosi ahal izango dira 10 euroan. Aterako den diru guztia Aspanogi-ri emango diote.

Kamisetak saldu ez ezik, Erraldoien Konpartsak bisita ere egingo die Donostiako Ospitalean dauden umeei, «euren gaixoaldia arintzeko asmoz».

Iazko ekimena gogora ekarri zuten bultzatzaileek Donostian emandako prentsaurrekoan: «Haurrak geure jardueraren zati handi bat direla kontuan hartuta, diru hori Inbiomed-i ematea ere erabaki genuen, erakundeak haurtzaroko leuzemia ikertzen zuen proiektu baterako erabil zezan. Aste Nagusian 350 kamiseta saltzea lortu genuen».

Iaz zabaldutako bideari jarraitzen dioten arren, nobedadeak ere egongo direla iragarri zuten: «Aurten Ekimen Erraldoia berrituta datorkigu, izan ere, Super Amararekin elkarlanean, 1.500 kamiseta saltzea hartu dugu helburutzat. Geure asmoa Aspanogiri ahalik eta diru gehien ematea da. Kamisetak aurreko ostiraletik salgai daude eta geure bazkidea den Iñigo Garvik eginak dira. Diseinua The Beatles-en `Abbey Road' diskoan oinarrituta dago eta handien nahiz txikien urratsek oinez egiteko balio dutela islatzen du kamisetak».

Ospitaleko ekimena ere azaldu zuten: «Oinez helduko gara, bertan ospitaleratuta dauden umeekin goiz ederra goza dezagun. Buruhandiok ez dugu ahazten denok ezin dugula Aste Nagusia behar bezala ospatu eta oztopo hori gainditzeko asmoz, gaixorik daudenengana hurbildu nahi dugu; euren sufrimendua leuntzeko momentu batez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo