GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Debekatzeko plazera

Herenegun Orgasmoaren Nazioarteko eguna izan zen, baina egun horretan ez da jai berezirik izaten. Ospakizunaren sustatzaileek egun horretan guztiok gutxienez orgasmo bat izateko deia egiten dute, edozein motatako orgasmoa.

Abortuaren aurkako elkarte espainiarrek, beharbada, ez dute begi onez ikusten. Ez masturbatuz izandako orgasmoak behinik behin, joan den uztailean iragarri zutenez, Eliza katolikoari eskatuko baitiote masturbazioa ere abortu mota dela onar dezala; hartara, errazago izango omen da estatuek masturbazioa krimentzat jotzea. Eta bikotekidearekin izandako orgasmoetatik (hirukotekide edo laukotekideekin izandakoak alde batera utziko ditugu) oso gutxi izango lirateke onargarriak elkarte horientzat. Izan ere, ugaltzeko xedez txorta jotzea baino ez litzateke zilegi elementu horien ustez. Zer esanik ez, beraz, bikotekidea sexu berekoa bada, edo astoa, oiloa, legatza...

Uruguaiko Parlamentuak marihuana legeztatzeko proiektua onartu duen egunotan, «fanatismo» hitza entzutean ekialdera begiratzen duen Estatu honetan, modako jarri dute debekua, zerbait asmatu balute bezala, tradizio luzeko fenomenoa dutela konturatu gabe.

Ez da erraza jakitea nolako arrakasta izan zuen Orgasmoaren Egunak, zenbat lagunek izan zuten orgasmo bat, zenbatek bi eta zenbatek izan genituen hamazazpi. Ondo dakigu, ordea, Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak infernurako txartela jasotzeko moduko orgasmoa izan zuela, Pablo Gorostiaga Laudion pregoilaria izatea debekatzen duen erabaki judizialaren berri jakin zuenean. Herenegun, alegia. Eta gehiago nahi ditu, bide judizialetik, jakina.

Gorostiaga bere herriko pregoilari izatea «erakunde terrorista batekin kolaboratzeagatik espetxeratutako pertsona bati babesa emateko modua» da, epaile andrearen autoaren arabera. Ikusteko modu bat. Baina gehiago ere badira; esate baterako, espetxean bidegabeki eta eskubideak etengabe urratuta dagoen lagun bati babesa emateko modua. Nire babes txikia baina osoa eta nire besarkada handia ditu, eta beste horrenbeste Bilboko txupinera Jone Artolak eta haren anaia Josebak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo