GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal Herria ere immigrante herria izan da

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiko koordinatzaile Gorka Morenok immigrazioaren gaineko hausnarketarako elementuak eman berri ditu. Izan ere, euskal herritarrek erakusten omen duten «anbibalentziak» badu bere alde ona, baina baita txarra ere. Ona baita immigranteak krisiaren erruduntzat ez jotzea; alegia, bertokoei lana kentzera eta gisakoak esaten dituen diskurtso demagogikoaren sinplekerian ez erortzea. Esan beharra dago, lehenik, immigranteek ere ez dutela krisi ekonomikoa eragin, eta krisiak gogorrago jotzen dituela eurak hemengoak baino. Eta badirudi euskal herritar gehienek hala sumatzen dutela. Baina, aldi berean, Morenok dioenez, bada ehuneko handi bat arauz kanpoko immigranteak kanporatzearen aldekoa. Hartara, euskal herritarrek immigrazioarekiko jarrera irekia dute oro har, baina baita halako errezeloa edo mugaren bat ezarri behar zaion ustea ere, krisialdian areagotua.

Gogorarazi beharra dago, eta kontuan izan, euskaldunak herri emigratzailea izan direla, eta gaur egun Ameriketan eta mundu osoan zehar gure herria harrotasunez ordezkatzen duten horien aurrekoak ere «paperik gabeko» immigranteak izan zirela. Haiek ere izan ziren «legez kanpokoak», eta leku batzuetan ondo hartuak izan baziren ere, beste batzuetan errezeloz begiratuak eta duintasunez bizitzeko oztopoak izan zituztela. Ez daitezela euskal herritarrak oztopo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo