GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Trontza Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Barberenatarrek ez dute aginte makila utzi nahi

Kañamares III.a eta Eugi dira egungo txapeldunak estutzeko aukerarik gehien dituen bikotea.

p034_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko trontzalarien finala jokatuko da gaur Larraintzarren, 19.00etan. Bertan, orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako sei onenak izango dira, Ardeo eta Arozena izan ezik. Seigarren amaitu zuten kanporaketa, baina gaur ezin dira aritu, eta beraien ordez kanporaketan zazpigarren amaitu zuten Iraola eta Garmendia arituko dira. Dena dela, aipaturiko bi bikoteen artean ehuneneko batzuen tartea bakarrik egon zen kanporaketan, eta ez da alderik izango.

Horiez gain, Barberena anaiak, Pikabea anaiak, Irigoien eta Etxenike, Cano eta Maiza eta Eugi eta Kañamares III.a lehiatuko dira. Bikote bakoitzak, etzanda jarritako 60 ontzakoari hamar epai eman beharko dizkio, eta etzanda jarritako kana-erdikoari, berriz, sei epai, eta beste sei epai zutik jarritako kana-erdiko enborrari.

Txapela lortzeko faboritoak Barberena anaiak dira. Beraiek dira egungo txapeldunak, eta etxe ondoan arituta, ez dute hutsik egin nahiko. Aurten Nafarroako txapela ere irabazi dute. Dena dela, beraiek ez ziren izan kanporaketako onenak, han Kañamares III.a eta Eugi izan baitziren onenak, baina gero finalean Barberena anaiek irabazi zuten. Lana ere ez da bera izaten kanporaketan eta finalean, enborrak handiagoak izaten baitira, baita egin beharreko lana ere, eta hor Barberena anaiek eskarmentu handia dute. Gakoetako bat zutik jarritako enborretan egon daiteke, eta faboritoak han saiatuko dira txapela erabakitzen. Iaz hori egin zuten, eta aurten ere gauza bera egin nahiko dute. Eugi eta Kañamares oraindik oso gazteak dira, eta aurten ez badute lortzen ere, laster izango dute txapela lortzeko aukera, maila handiko bi trontzalari baitira.

Leku berean jokatuko dira Euskal Herriko lokotx-biltze finalak. Mutiletan, Ruiz, Uriarte, Pereira, Ausokoa, Garmendia, Zulaika, Etxegarai eta Telletxea neurtuko dira. Nesketan, berriz, Ferran, Gulova, Arruti eta Ariztegi arituko dira. Bi mailetan 50 lokotx batu beharko dituzte, eta batetik bestera 1,25 metroko tartea egongo da. Gainera, bi ilaratan egongo dira jarrita.

Getxon, Algortako portu zaharrean, 18.00etatik aurrera Euskal Herriko Txinga Txapelketa jokatuko da. Mutiletan, Perez de Heredia, Drame, Perez eta Agirregabiria lehiatuko dira, eta nesketan, berriz, Sousa eta Diez neurtuko dira, eta badirudi beste bi ere izan daitezkeela. Mutilek 50 kiloko txingak erabiliko dituzte esku bakoitzean; eta neskek, berriz, 25 kilokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo