GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Gazteek onenen artera gerturatzen hasteko lehen aukera izango dute Aian jokatuko den kanporaketan

J.L.

Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da gaur, 17.30ean, Aiako pilotalekuan. Maila honetan aizkolari gazte mordo bat agertzen da, eta jendeak gustuko duen maila da. Gaur arratsaldean jendetza izango da Aiako pilotalekuan.

Gaur hamar aizkolari batuko dira, eta lehen hirurek lortuko dute finalerako txartela. Garcia, Intxausti, Urteaga, Eneko Otaño, Alkizalete II.a, Telletxea, Alberdi, Dorronsoro, Goñi eta Mieltxo Mindegia lehiatuko dira. Bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Jokin Alkizalete, Eneko Otaño eta Julen Alberdi dira lehian arituko diren hiru gazte. Azken hau, gainera, lehen aldiz plazaratuko da, baina bere inguruan hitz on asko entzun dira. Begi asko egongo dira hirurei begira, baita Mieltxo Mindegiari begira ere. Tartean, ordea, Dorronsoro edo Telletxea bezalako aizkolari beteranoak ere agertzen dira, eta badirudi sei horien artean egongo direla finala jokatzeko hiru txartelak.

Bihar, 19.00etan jokatuko da Leitzan Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa. Bertan, Kañamares III.a, Pellejero, Resano, Kastro, Beltza, Kañamares II.a, Etxeberria, Eneko Saralegi, Eraso eta Erdozia neurtuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat ebaki beharko ditu, eta lehen bostek lortuko dute finalerako txartela. Olano I.ak eta Vazquezek uko egin diote parte hartzeari, eta ondorioz maila galdu egingo dute.

Bihar, eta Leitzan baino ordu erdi bat lehenago, jokatuko da Sunbillan Latasaren oroimenezko torneoa. Maila nagusian, Nazabal eta Donato Larretxea, Atutxa eta Otaegi eta Azurmendi eta Olasagasti neurtuko dira. Bikote bakoitzak lau lan ezberdin egin beharko ditu, eta proba guztietako denborak batutakoan jakingo da zeintzuk diren torneoa eramango dutenak.

Gazteen mailan, berriz, Rekondo eta Oihan Larretxea, Mugertza II.a eta Erasun eta Larrañaga eta Ruben Saralegi neurtuko dira. Hauek hiru lan ezberdin egin beharko dituzte, eta hemen ere denbora guztiak batuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo