GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek ilusioa eta itxaropena piztu die zale guztiei

Lapurtarrek irabazi egin zioten herenegun gauean Stade Toulosaini 10-0, eta emandako itxuraren arabera aurten aurrean ibil daitezkeela pentsa daiteke.

Jon LEUNDA

Denboraldia hasi aurre honetan izan duen neurketarik garrantzitsuena jokatu zuen herenegun gauean Baionako Aviron taldeak, eta 10-0 irabazi zion Stade Toulosain taldeari.

Okzitaniakoak dira aurten ere liga irabazteko faborito nagusienetakoak, baina lapurtarrek itxura bikaina eman zuten. Aurten itxaropen asko jarri dituzte zaleek, eta neurketa hau ikusteko emandako erantzuna ere paregabea izan zen, guztira 16.000 ikusle batu baitziren Jean Dauguer estadioan, beraz ia bete egin ziren harmailak lagunarteko partida bat ikusteko, eta horrek garbi uzten du zaleek zer-nolako ilusioa duten.

Lehiaketa ofizialeko partida ez izan arren, beti izaten da garrantzitsua irabaztea, eta are gehiago horrenbeste jende batzen denean, eta garbi dago Avironek indar askorekin utzi zuela berdegunea. Norgehiagoka bera ez zen ikaragarri horietakoa izan, baina normala ere bada, oraindik denboraldia hasteko dago, eta bi taldeek prestakuntzarako erabili zuten, eta dituzten gabezia horiek hobetzeko ere erabili zuten .

Lovobalavu fijiarrak egin zuen zuri-urdinen entsegu bakarra, eta gainerako puntu guztiak Bustos Moyano argentinarrak egin zituen, entsegua gauzatu eta zigor-kolpe bat lortu ostean. Azken hau ikusteko gogoa zegoen, bera izango baita lapurtarren jaurtitzailea, eta argentinarrak oso itxura ona eman zuen, eta taldean oso garrantzitsua izango delakoan joan ziren zaleak etxera.

«Lagunarteko partida bat zen, eta galdu edo irabazi, ez zeukan partida ofizial batek izan zezakeen garrantzia. Taldea une batzuetan gustatu zait, baina beste batzuetan ez, beldurrez ibili baita, eta behin lehiaketa abian jartzen denean, ez du balioko beldurrez ibiltzeak», esan zuen Christian Lantak, Avirongo zuzendari teknikoak.

Puntuak

Lovobalavuk egin zuen zuri-urdinen entsegu bakarra, eta Bustos Moyano argentinarrak egin zituen gainerako puntu guztiak. Amerikarra oso garrantzitsua izan daiteke aurten.

erantzuna

Zaleek emandako erantzuna ikaragarria izan zen; izan ere, ez da batere normala lagunarteko partida bat ikusteko 16.000 ikusle batzea. Horrek erakusten du aurten jarraitzaileek duten ilusioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo