UDATE
Koxme Lizaso bertsolari oiartzuarra hil da, 76 urte zituela
GARA | DONOSTIA
Oiartzunen jaio eta Errenterian urte luzez bizi izan zen Koxme Lizaso Lekuona. Atzo hil zen eta haren aldeko hileta-elizkizunak gaur egingo dira, 19.00etan, Oiartzungo San Esteban parrokian.
Bertsotan 50eko hamarkadan hasi eta hurrengo hamarkadetan zehar plazaz plazaz ibili zen kantuan. Bertso-lagun izan zituen Jose Joakin Mitxelena, Lexoti eta Oiartzungo beste bertsolariak, eta beste puntako bertsolari batzuekin ere sarritan jardun zuen: Uztapide, Manuel Lasarte, Lazkao Txiki, Txomin Garmendia, Euxebio Igartzabal, Imanol Lazkano... . Bertso-jartzaile ere aritu zen.
Lanbidez baserritarra izanik, baserriko lanen ezagutza handia zuen eta jakintza hura erakustea ere gustuko zuen. Euskararekiko ere kontzientzia handia zuen, euskararen zuzentasunaz eta transmisioaz ardura erakutsi zuen.
1964 eta 1966-1967an Gipuzkoako txapelketako finalista izan zen. Liburu bat ere idatzi zuen, «Jose Joakin Mitxelena gogoan» (Auspoa).