GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Anitz beharko da

Jon GARMENDIA | Idazlea

Zapatila berriei nola-hala lokarria egin, eta parkera joateko prestatu da goizean. Ez du gosaltzea maite, ur pixka bat edatea aski baitzaio egunari hasiera emateko, eta zapatilak janztea ere ez du maite, bere herrian oinutsik ibiltzen baita egunaren luze zabalean, bai behintzat bero egiten duenean, eta oinekin, lurraren beroa sentitzea maite du berak. Baina harrerako amari ezin zion ilusio hori kendu, zapatila horiek eskutan zituela, halako distira zeukan begietan!... Gainera, badaki orain bizitzen ari dena hautsi-mautsi bat dela bere bizitzan, etorri bezala hartu behar duela, eta hartu bezala jaso. Euskal Herrian ikusten duen eguzkiak errealitaterik ederrena ageri badio ere, bere errealitatea beste bat delako, egun batzuen buruan bere herrira itzuliko baita, Haitiko Port au Prince hiriburura. Sufritzen duenak baizik ez du oroitzen zer nolako triskantza eragin dezakeen naturak, are gehiago sortze beretik haizea kontra ukan denean, pobreziaren erdian jaiotzeak egoerarik makurrenak ekarri dituenean. Hamaika urte beteko ditu laster berak, eta bi urte baizik ez zituen Jeanne hurakanak uhartea kolpatu zuenean, milaka hildako eraginez, duela hiru urte ordea, lurrikara lehen lerroan bizi izan zuen, eta harri, ke eta burdinezko irudiak baizik ez ditu gogoan geroztik, jendea noraezean, oihuka eta negarrez. Lurrikara hura guri ere sartu zitzaigun begietatik, sufritu genuen garaian, baina ahanzturak eraman du ia. Bera bezala, haur gehiago heldu dira gure lurretan uda pasatzeko, familia eskuzabalek heien apurra jartzen baitute haur horiek zorion puska bat senti dezaten, heien malko artetik egun batzuez irribarrea nagusitu dadin. Zerbait bada. Anitz beharko da, haur horientzat gure uda, bizitza bilakatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo