GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. kronika: abordatze txikia

Haurrek ere itsasora egin dute salto eta majo gozatu dute etorkizuneko piratek

Abordatze Txikian 250 bat umek gozatu ederra hartu zuten, eta, eurak disfrutatzen ikusiz, baita gurasoek ere. Hauek esker ona azaldu zieten Pirata Bihurrien Kofradiakoei, gazteak izanik, beren parrandan soilik pentsatu beharrean, aste osoan goiz eta arratsalde lanean aritzeagatik, haurrak etorkizuneko pirata izan daitezen.

Maider IANTZI

Ailegatu aitzinetik aditzen zen oihu eta irrien musika. Txalupak lasai-lasai atseden hartzen ari ziren portuan. Aquarium aldea, kaiarriba, aldiz, mugimendua eta besta zen. Dena zen jolasa han. Iaz igerilekua abordatu ondotik, itsasora egin dute salto aurten 2 eta 13 urte arteko pirata txikiek, espazio zabal eta ederragora. Antolatzaileetako batek, Naiarak, GARAri azaldu zionez, joan den urtean 250 ume bildu ziren Abordatze Txikian, uste baino lagun gehiago, eta, arrakasta ikusita, oraingoan kaian parte hartzeko aukera ematea erabaki zuten.

Hori bai, espazioa mugatuta eta segurtasun handiarekin. «Pirautxo» deitutako ontzi bakoitzean bizpahiru txiki eta heldu bat sartzen ziren, bandera jolas bat egin eta buelta hartzeko. Suhiltzaileak, buzoak eta DYA prest zeuden. Piratak ere bazeuden uretan neoprenoa jantzita dinamizatzen eta zaintzen. Lehorrean ere bai, goiko pantalanean jarrita begira-begira. Eta itsasoratu aurretik, salbamendu jaka eta mahukak janzten zituzten neska-mutikoek.

Parte hartzaile kopuruari buruz galdetuta, Internetez 190-200 haurrek izena emana zutela agertu zuen Naiarak. Baina momentuan bertan gehiago ari ziren apuntatzen eta 250era iritsiko ziren atzo ere. Kaiko arranpla jendez lepo zegoen. Gurasoek lasaitu egin behar zituzten urduri baino urduriago eta pozez saltoka eta dantzan zebiltzan haurrak.

Josune bikotearekin eta Ixone 3 urteko alabarekin etorria zen Hernanitik. Ama-alabak elkarrekin arraun egitekoak ziren, azkenean txikia animatzen bazen behintzat. «Ea sartzen den, erdi beldurtuta baitago!», zioen Josunek. Donostiarra da eta oso kontent zegoen ekitaldiko giroan, buruan zapia jantzita eta aurpegia margotuta. Kontatu zigunez, goizean mozorroak egiten ibiliak ziren. Umea pozik eta urduri zebilen eta goizeko zortzietarako jaiki zen. Hernaniko lagun dezente bildu zirela aipatu zigun.

Uretan, koloretako zapiak soka batetik zintzilik zeuden nork hartuko zain; ur ertzean, hamar «pirautxo», hamarreko taldetan egin behar baitzuten abordatzea. Eta txikiak prestatzen, musikaren erritmora gerria mugitzen, ur pistolekin elkar bustitzen edo ezpatekin gerran. Edozein eratan primeran pasatzen.

Leire eta Peru ama-seme donostiarrak hala zebiltzan. 5 urteko Peru lagunekin sartuko zen ontzian eta oraindik ez zekiten amak edo aitak lagunduko zituen. «Goizetik gaude eta eskulanetan kit osoa prestatu dugu: partxea, garfioa, zapia, ezpata eta bandera. Baita loro bat ere!», kontatu zuen Leirek irriz. Hagitz egun polita iruditzen zaio umeentzat eta jende guztia animatu zuen probatzera. «Asko disfrutatzen dute eta gurasook ere bai eurak pozik ikusita. Gu ere dantzan jartzen gara beraiekin!».

«Izan bihurri! Izan pirata!»

Nerbioen ondotik eztanda iritsi zen. «Izan bihurri! Izan pirata! Abordatzera!» oihua aditu zen ahots mehe baina indartsuz. Oihuka eta txaloka erantzun zioten Ezkila Txikiari arranplatik eta suziria lehertu zen. Orduantxe irrintzilari bat hasi zen giroa animatzen, «aupa pirata txikiak!» garrasi eginez banderari eragin bitartean.

Antolatzaileen azalpenak etorri ziren gero. Ontzi bakoitzak bi kolore zituela esplikatu zuten eta horiek ongi ikasi behar zirela gero kolore bereko bandera hartzeko. «Zuen bi koloreetatik bat aukeratu behar duzue eta kolore bera ze beste ontzik duen bilatu. Biok elkartu eta zuen banderara itzuli behar duzue. Eta kontuan hartu denok `pirautxotan' zaudetenean `abordatzera!' oihu egiten dugunean, orduan abiatu behar duzuela».

Jon azalpenei adi-adi zegoen, Maddi 4 urteko alaba hanka artean jolasean zuela, pozarren eta geldirik egon ezinik hau ere. Egun osoa zeramaten Pirata Bihurrien Kofradiakoek prestatutako ekintzetan gozatzen eta gustura zebiltzan. Antolatzaileen lana azpimarratu nahi izan zuen Alde Zaharreko bizilagunak: «Sinestezina da. Aste osoan ari dira goiz eta arratsalde eta guretzako oso ondo dago. Gazteak dira, eta, halere, hemen ari dira lanean. Gu ere parrandan ibiliak gara, haurrekin ateratzea tokatzen zaigu orain eta horregatik eskertzen dugu gazteen ahalegina».

150 haur bazkarian

Flamenkako karpan egindako bazkarian 150 lagun bildu ziren; dena bete zen. Otordua haurrentzako bakarrik zen. Nahiz eta gurasoak inguruan ibili, euren besta izan zuten, euren eguna baitzen atzokoa. Bazkaldu eta gero jolasak eta abestiak egin zituzten, eta, ostean, clown eta guzti etorri ziren kaiarribara! Bertan bainatu, toallan egon, lehortu, meriendatu eta hagitz azkar igaro zitzaien abordatze arteko denbora.

«Abordatzera!» oihuarekin batera abiatu ziren hamar ontziak zapietara, eskuekin arraun eginez. Pirata handiek ura botaz xaxatzen zituzten txikiak, bidea zailtzeko pixka bat eta emozio gehiago emateko. Lehorrean, umeek txandari itxaroten zioten ezinegonez. Lasai-lasai lurrean toalla zabalduta eguzkia hartzen ari ziren familiak eta lagun taldeak, zerbait janez eta berriketan. Mahai batean marrazkiak egiten zituzten txikiek, bertze batean txapak diseinatu, joko bat ere bazuten elkarri esponja bustiak jaurtitzeko eta igerileku txikiak ere muntatu zituzten arrainekin. Erran bezala, dena zen jolasa inguruan.

Eta goitik begiratuta, pasealekutik, ederra zen argazkia. Hala zioen ekitaldi «bitxi eta berezi» honetara ilusioz etorria zen Juanek. «Azkenean zerbait herrikoia Aste Nagusian!».

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo