GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Debako sanrokeak

Marinel eta kanboarrek Debako San Roke jaiak hartuko dituzte

Asteazkenean hasi zituzten jaiak Deban eta gaur San Roke eguna ospatuko dute. Astebururako ere hitzordu garrantzitsuak dituzte; denak urdinez jantzita, marinelak eta portua izango dira protagonista larunbatean. Igandean, berriz, kanboarren bisita jasoko dute.

p059_f08_194x100.jpg

GARA | DEBA

Aurten 25 urte betetzen dituen Aitzuri abesbatzako kideek izan zuten txupinazoa botatzeko ohorea asteazkenean abiatu ziren Debako San Roke jaietan. Ez da hori urteurren bakarra, Pablo Sorozabal hil zela ere mende laurden betetzen baita eta, danborradaren egunean, herritarren ahotik ekarri zuten gogora; Txema Vitoria Txiribiton eta Ozio-Bide elkarteko Patxi Iparragirre izan ziren, hain zuzen ere, alkatearekin batera, Sorozabalen figura nabarmendu zutenak.

Gaurkoan San Roke eguna ospatzen dute Deban. Goizean udalbatza prozesioan igoko da San Roke ermitaraino eta bertan meza ospatuko dute. Arratsaldean zehar, bertso saioa eta umeentzako antzerkia izango dira besteak beste. 20.30ean, Iker Vela, Lekube eta Matxin Urbietaren kontzertua iragarri dute karpan. Gauean, berriz, su festak eta Rinbaranen kontzertua.

Asteburua ere indartsu dator. Biharko egun beteko plana prestatu dute adin guztietako herritarrentzat. Marinelaren Eguna izaki, urdinez jantziko da Deba eta portu inguruan eguerdian hasiko dira jokoak, nasapuntakoarekin eta baltsa jaitsierarekin, besteak beste. Estropada ere izango da Deba eta Mutriku artean. Herri bazkariaren aurretik, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien txanda izango da.

Arratsaldean zehar ez da etenik izango: kalejira, entzierroa, kuadrillen arteko jokoak... Eta gauean ere, aukeran izango dira kontzertu eta planak. Plaza Zaharrean, adibidez, Maitena Monaco eta Fermin Balenciaren kantuekin patxadaz egoteko parada izango da, 23.30ean ohiko larrain dantza dantzatu aurretik. Karpan, berriz, oso bestelako giroa izango dute Hesian, Itziarren Semeak eta Talko taldeen eskutik.

«Iparra-Hegoa, Deba-Kanbo»

Lapurdiko Kanbo herriarekin senidetuta dago Deba, eta, ondorioz, aurtengoan ere elkarrekin ospatuko dute jaietako egun bat. «Iparra-Hegoa, Deba-Kanbo» eguna bezala izendatu dute, nazio ikuspegia eman asmoz. Artisau eta nekazaritza produktuen azokan, esaterako, Hego eta Ipar Euskal Herriko produktuak izango dira salgai. Ez da lotura bakarra izango, kultura erakustaldiak ere egingo baitira. 13.30ean, esaterako, «Zazpiak Bat» ikuskizuna eskainiko da Arakistain plazan. Hauxe izango da jaietako azken eguna. Gauerdian, San Rokeren irudiari zapi gorria kenduz agurtuko dituzte festak datorren urtera bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo