GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Inkisizioaren lupapeko gotzainaren sermoia

Agertu da gotzaina aldarera, tipi-tapa, eta inspiratuta dagoenez, biktimei Jesukristoren mezua gogorarazi behar diela pentsatu du. «Fistro maiteok! Barkatu egin behar dituzue larreko bekatariak!», eta segituan bere baratzeko baratxuria ere sartu du, bide batez, predikuan: «Damututa daudenak baino ez, ordea, e?». Orduan, entzule batek erretolika moztu eta badiotsa: «Baina zer diozu, lotsagaldu horrek, suediar plantak eginda? Ezker abertzalearen mintzaira darabil berorrek, tedakuen? Medikuarenera beharko luke, sindrome hori sendatzera».

Kezkatuta eman du aste osoa gotzainak. Gobernadorearen balentrien jakitun, gotzaindegia itxiko dioten beldur da. Izan ere, gobernadorea dagoeneko apezpikuaren hitzak aztertzen hasi da delitu guztiak ikusten dituen lupaz. «Gindilla arraioa ez da, ba, behin mezatan euskaraz mintzatu zen hura...? Jokaera hori, oker ez banago, eta ezinezkoa da ni okertzea, biktimak iraintzea da».

Bere hanka-sartzea berandu baino lehen zuzendu behar duela ulertu du apezpikuak. «Ezker abertzalearen mintzaira...? Ikusiko dute, ikusiko dutenez, sinesgabeok». Eta hurrengo mezan, Donostiako Santa Marian, aldarera agertu da, tipi-tapa, malaostia puntu bat aurpegian, eta hasi da hitz eta pitz: «Bake foroak...? Elkarrizketa...? Nolaaar? Ez nire bedeinkapenik gabe, behintzat. Edozein foro hasi baino lehen, argi eta garbi gaitzetsi behar dute terrorismoa, elkarrizketa horietan terrorismoa gaitzestea adostuko da eta, foroa bukatzeko, terrorismoa gaitzetsiko da». Bere etorriaz harrituta, berotu egin da -zentzu garbian, jakina- eta berriro ekin dio: «Elkarrizketa foro horiek biktimen sostengua izan ezean, ez dute aginpide moralik. Hobe lukete materialismoa alboratu eta sexua ugalketa lanetarako utzi, asike txorakeria gutxiago eta errezo gehiago. Zer bake eta zer demontre! Arima salbatzeaz, eta ez bakea, arduratu daitezela. Amen».

Gobernadoreak mahai gainean utzi du lupa. «Oraingoan onik atera zara, abade ostiori, baina harrapatuko zaitut», egin du bere artean, «gainera, larunbatean futbol liga hasiko da eta lana pilatu egingo zait». Eta ez-dakit-nongo jai egitaraua hartu du, nazka keinua eginez -aurpegiko gihar bat ere mugitu gabe, alegia-, bere lupa aita santua bezain hutsezinaren pean jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo