GARA > Idatzia > Mundua

«Fracking»-aren aurkako manifestarien garaipen bat Ingalaterrako hegoaldean

Haustura hidraulikoaren inguruko gatazka leku askotara zabaldu da. «Fracking»-aren aurkako Ingalaterrako ekintzaileek garaipen txiki bat lortu berri dute, baina Cuadrilla konpainiak aurrera jarraitu nahi du hala ere.

p019_f02_148x092.jpg

GARA | LONDRES

Ingalaterrako hego-ekialdean dagoen Balcombe herrian egitekoak ziren zulaketak ez dituzte egingo, oraingoz behintzat, haustura hidraulikoaren aurkako ekintzaileen mobilizazioen eraginez, nahiz eta David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak fracking-aren aldeko iritzia plazaratu berri duen.

Orain hiru aste inguru hasi zituzten haustura hidraulikoaren aurkakoek beren mobilizazioak Ingalaterrako leku horretan eta dagoeneko 40 bat lagun atxilotu ditu Poliziak. Cuadrilla konpainiak zulaketa gehiago ez egitea erabaki du, mobilizazioen eraginez, baina jarduerarekin lehenbailehen segitzeko asmoari eusten dio, segurtasun indarren eta Cameronen Gobernuaren beraren sostengua baitauka. Lehen ministroak aste honetan bertan adierazi du gasa lortzea helburu duen fracking-a ezinbesteko dela herrialdearentzat, «The Daily Telegraph» egunkariak argitara emandako artikuluaren arabera.

Cameronek hiru argudio aipatzen ditu bere tesiari eusteko. Alde batetik, britainiar familiek argindarrarengatik ordaindu beharko duten fakturak behera egingo duela esan du lehen ministroak, herritarrek poltsikoaren egoerari ingurumenari baino jaramon gehiago egingo diotelakoan. Gainera, fracking-ak lanpostu asko sortuko omen ditu, 74.000 inguru britainiar lehen ministroak esan duenez. Azkenik, teknika hori erabiliz gasa ateratzen duten eskualdeek ekonomikoki gora egingo dute, zulaketak egiten diren inguruetako herriei diru asko emango baitzaie, jarduera ekonomikoak eragiten dituen irabazien %1 jasotzeaz gain. Ideia borobiltzeko, lehen ministroak esan du oso teknika segurua dela fracking-a, «era egokian arautzen bada».

Balcombe inguruko manifestariak ez ditu konbentzitu Cameronek. Vivienne Westwood diseinatzaile ezagunak, esaterako, haustura hidraulikoaren aurkako ekintzaileei bere babesa eskaini die: «Gaiaren inguruko eztabaidarik ez da egin eta herritarrok ez dakigu teknika horrek kalte ala onura eragingo ote digun. Ni seguru nago oso kaltegarri izango dela».

Haustura hidraulikoak kezka eragiten du, lurpeko eta lur gaineko urak kutsatu ahal dituenez, ingurumenaren, osasunaren eta segurtasunaren gainean eragin potentzial handia duelako. «Ama Lurra bortxatzea da», diote ekintzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo