GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketa

Ruben Saralegik indartsu jo du aurreneko kolpea

Larrañaga, Mugertza II.a, Lopez, Zaldua eta Mugertza III.a ere sailkatu dira finalera.

p034_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA

Ruben Saralegik irabazi zuen atzo Azkoitian jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketako kanporaketa. Leitzarrak borroka estua izan zuen Mikel Larrañagarekin, baina azkenean nafarra gailendu zen. Aipaturiko biekin batera, Mugertza II.a, Zaldua, Lopez eta Mugertza III.a sailkatu ziren irailaren 29an Aizarnazabalen jokatuko den finalera.

Berez hamalau aizkolari ziren Bigarren Mailan, baina Arkaitz Olanok utzi egin du kirola, eta ez zen agertu, aurrez iragarrita zegoen bezalaxe. Xabier Mindegia, berriz, min hartuta dago, eta atzo ez zen Azkoitian izan.

Gauzak horrela, atzoko azken sailkatuak galtzen zuen maila, eta Arakitz Jauregik galdu zuen; hortaz, arabarrak datorren urtean Hirugarren Mailan lehiatu beharko du. Hiru multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak, eta bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen.

Lehen multzoan, Zaldua, Lasa, Kañamares II.a eta Senosiain II.a neurtu ziren. Bigarren enborretik aurrera abantaila hartu zuen Zalduak, eta egur erdi bateko tartea kendu zien gainerakoei. Beste hirurak, berriz, beti batera joan ziren, kolpe gutxi batzuen tartearekin. Amaieran Zumarragakoak lortu zuen garaipena lehen multzoan, eta bera bihurtu zen gainerakoentzat erreferentzia. Sailkapen orokorrean bosgarren izan zen, eta, hala, finalerako txartela lortu zuen. Beste hirurak ez dira izango azken jardunaldian. Bigarren Senosiain II.a sailkatu zen lehen multzo horretan, azkeneko enborrean ihes egin baitzien beste biei, eta Lasaren eta Kañamares II.aren artean ehuneneko gutxi batzuk bakarrik izan ziren.

Bigarren multzoa izan zen atzoko onena. Ruben Saralegi, Larrañaga, Mugertza III.a eta Jauregi lehiatu ziren. Lehen hirurak finalean sartu ziren, eta azkenekoak, berriz, maila galdu zuen. Larrañagak sekulako abiadurarekin ekin zion saioari, eta aurrea hartu zuen. Lehen enborrean Mugertza III.ak eutsi egin zion, baina gero berak bakarrik egin zuen ihes.

Atzetik aurrera Ruben Saralegik egin zuen. Oinbikoaren amaierara aldetxoarekin heldu zen Larrañaga, baina epaia itxi egin zitzaion, eta han hasi zen buelta alde batera eta bestera; tarte horretan enborra Saralegik bota zion, eta amaieran ere leitzarra izan zen onena, ez multzoan bakarrik, baita sailkapen nagusian ere. Larrañaga bigarren izan zen bere multzoan, eta baita sailkapen nagusian ere. Hirugarren Mugertza III.a eta azkena Jauregi izan ziren.

Azkeneko multzoan Mugertza II.a gailendu zen. Hasieratik hartu zuen aurrea eta erraz irabazi zuen, finalerako txartela lortuz. Bigarren Lopez sailkatu zen, eta hura ere finalera sailkatu zen. Kañamares III.a eta Oihan Larretxea, aldiz, finaletik kanpo geratu ziren.

Gazteenak izan dira nagusi lehenengo kanporaketan

Aizkolari gazteak oso indartsu agertu ziren lehen kanporaketan. Ruben Saralegi, Larrañaga eta Oihan Larretxea ziren atzoko gazteenak, eta lehen biek lehen bi postuetan amaitu zuten. Larretxeak, aldiz, ez zuen lortu finalerako txartelik. Bi hauei, Mugertza anaiak gehitu behar zaizkie. Beraz, finalean izango diren sei aizkolarietatik lau 25 urtetik beherakoak izango dira, eta hori etorkizunerako berri oso ona da. Lopez izango da finalisten artean zaharrena, 40 urte pasako aizkolari bakarra baita. Lehen Mailatik jaitsitako aizkolaria da bera, baina atzo nahiko justu ikusi zen. Bestea, Xabier Zaldua, 30 urte pasa dituen aizkolaria da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo