UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA
Harrera ofizialak berak ere utzi du agerian Urquijo
Txupina jaurti aurretik, harrera ofiziala izan zen Arriagan. Bertan, argi geratu zen Jone Artola dela benetako txupinera eta Carlos Urquijo Bilboko jaien antagonista nagusi bihurtu dela.
Mikel PASTOR | BILBO
Jaien hasiera iragartzen zuen txupina jaurti aurretik erakundeek Arriaga antzokian egiten duten harrera ofizialak xarma berezia zuen aurtengoan. Alderdi Popularrak, Carlos Urquijoren bitartez, Jone Artolaren kontra ezarritako debekuak garrantzi berezia ematen zion normalean nahiko oharkabean igarotzen den hitzorduari. Eta Arriagak bi gauza argi utzi zituen: bat, epaileen erabakiez harago, Jone Artola dela aurtengo txupinera, eta, bi, Carlos Urquijok ez duela inondik inora Artolak bereganatzen duen babes eta maitasunik eskuratzen.
Inolako zalantzarik gabe, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria aurtengo Aste Nagusiaren antagonista bihurtu da. Arriagako harreran bertan ere laudioarraren jarrera gogor salatzen zuten zenbait keinu eta sinbolo izan ziren. Oso nabarmena izan zen, guztien artean, Elvira Urquijo, Marivi Bilbao zenaren alabak, botatako diskurtsoa. Bere amari omenaldia egin nahi izan zion Bilboko Udalak, eta horretarako plaka bat eskaini zion. Eskerrak emateko orduan, sarituak argi utzi nahi izan zuen: «Ni ere Urquijo naiz, baina ez dut inolako zerikusirik beste Urquijo horrekin...» Komentarioak algarak eragin zituen bildutakoen artean, PPko zinegotziak salbu, noski. Zenbait kargu publikok barreari eutsi behar izan zioten itxura gordetzeko.
Txupinera, oso maitatua
Anekdota bitxi baina argigarri hori gertatu baino lehen, Jone Artola Txori Barroteko konpartsako txupinerak jardunaldi hunkigarria bizi izan zuen. Ohorezko aurreskua jasotzera jaitsi zenetik Arriagako balkoira irten arte, dozenaka babes eta maitasun keinu jaso zituen herritarren eskutik. Emozioz gainezka, Artolak irribarre zabala izan zuen hurbildu zitzaizkion guztientzat. Konpartsa guztietako lagunekin batera, EAJko eta PSEko zenbait kidek ere agur bero-beroa eskaini zioten txupinerari.
Artolak jasotako babes horretan, ezin da ahaztu pregoilariak izandako ezinbesteko papera. Txupinerari besarkatuta heldu zen ohorezko aurreskura Iraia Iturregi, eta, harrera osoan zehar, konplizitate keinu ugari izan zituen Artolarekin. Argi geratu zen, berriz ere, erabaki politiko-judizialetatik harago, herri honek bere hautu propioa egin duela.