GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Talibanak?

Frantziak daraman presondegi politikan prezio politiko bat jasan behar du, ez ditugu lasai utzi behar euskaldunekin ere nahi dutena egiten

UUda bukatzera doa. Askorentzat oporrak onak izan dira, kanpora joan dira, ingurumena ederragoa den ikustera edo soilik aire berri baten ezagutzera, bertakoa itogarria izan daitekeelako batzuetan. Osasuntsu itzuliko gara, lanera, eskolara, eguneroko bizitzara.

Euskal Herria ez da aldatu, arerioak hor daude, ez dute urratsik ematen; alderantziz, besta muinetaraino eragiten aritu dira. Horrek ez du harritzen, betikoa baieztatzen digu soilik. Ipar Euskal Herrian gure pastorala izan dugu, baita ministroen bisita ere. Ai, haiek ez dute egitaraua ahanzten, boz emaileak non, ministroa han! Moscovici, zergak tira ahala lapurtzen dizkiguna, hor zegoen, xokolota jaten, sozialistez inguraturik. Hauek ez dute ulertuko abertzaleok ez ditugula berdin begiratzen! Denek bat egin behar dugula? Denekin hitz egin behar dela, bizikidetza bultzatu behar dugula? Haiek gurekin bizi nahi al dute? Gurekin bizikidetza ikusiko lukete euskara eta euskaldunen usaiak erakustokietan kokaturik seguruenik! Ez dute guri tokia egiteko borondaterik erakusten, «erradikalak gure zerrendetan hobe ezetz, dagoeneko kritikak jasan ditugu», euskararen aldeko «talibanak» denetan ikusten hasiak dira.... Euskararentzat dirua ematen dutela? Zenbat ematen diegu ba egin duten zor publikoaren ordaintzeko? Gure burasoek urtetan egin duten lanaren fruituaren ordaina nola zainduko dute, erretretak txikituz? Ez ditu eskuinak neurri antisozialak hartzen, sozialistek baizik. Hau al da heldu diren hauteskundeetan egon daitezkeen akordioak zalantzan ematea? Seguruenik ez. Hau da bizi dugun errealitatearen aipatzea, sozialistek ez baitute urratsik egiten askatasun gehiago emateko, ez dute bake prozesuan parte hartzen. Askotan erraten dugu, gure artean, sozialistekin gehiago galdu izan dugula, publikoki ez gara menturatzen. Gaur egun sozialistekiko akordioen defenditzea gure benetako interesei muzin egitea litzateke.

Ba, kanpaina politikoa aipatzen hasia, alegia kanpaina horiek egoera aldatuko dutela, benetako txantxa! Haatik, hautetsi izateko lehen tirabirak ikusiak ditugu, batzuk indarrean hasiak dira eta lehen azpijokoak eginak dituzte. Mundu guztian horrela omen da, politikak hori ere omen darama berekin. Alta, gurea zaintzeko bestelako lanak beharrezkoak izanen dira. Gure lehen helburua presoak askatzea baita eta batera autodeterminaziorako lerroa indartzea. Europak goxoki tratatzen du Rajoy, ez dio zigorrik eman gertatutakoaren berri izan eta! Parisek ez du oharrik ere egin Espainiako ustelkeria guztiaren aitzinean. Ondorioz, ez dugu Paris bakean utzi behar, frantses Estatuan dauden preso bakoitzarentzat presioa jasan behar dute Barne eta Justizia ministroek. Hori Ipar Euskal Herritik heldu behar den presioa izan behar da, Filipe isolamenduan zutelarik egin genuen bezala, Daniel gose greban zegoelarik. Hau meta handia da, baina Frantziak daraman presondegi politikan prezio politiko bat jasan behar du, ez ditugu lasai utzi behar euskaldunekin ere nahi dutena egiten. Eman ditugun urratsak berrindartzeko izan behar dira, etsipenari tokirik utzi gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo