GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Billabong Pro Tahiti txapelketa hasi eta itsasoak behera egin du

p034_f02_97x96.jpg

Haritz LARAÑAGA | TAHITI

Tahitin dira WCTko lehiakideak. Pasa den abuztuaren 15ean hasi zen Teahupoo ezker olatuan WCT itzulia osatzen duten hamar txapelketetatik seigarrena. Lehen bi egunetan olatuak onak izan ziren, bi metroko olatu garbi eta borobilak, baina horren ostean itsasoak behera egin zuen eta ez dirudi aste honetako itsaski iragarpena ere oso ona izango denik.
Txapelketa hau egiteko epea abuztuaren 26an amaitzen da. Oraindik hirugarren errondak egiten ari dira, beraz olatuek apur bat gora egin ahala txapelketari jarraipena emango diote antolatzaileek.

WCTko 32 lehiakideekin nork parte hartuko zuen erabakitzeko, urtero bezala, aurrez Trials txapelketa bat egin zen, eta lehen bi postuak eskuratu zituzten lehiakideek irabazi zituzten gonbidapen wildcardak.

Gainera, aurtengoan anekdotaren bat edo beste izan da. Txanda batean, esaterako, Jamie O'brian hawaiiarrak muturreko bat eman zion Ricardo dos Santos arerio brasildarrari. Pasadizoak zalaparta handia sortu zuen, izan ere Ricardo ezpainetatik odoletan atera zen uretatik eta behin kanpoan zeudela, O'brian barkamena eskatzera joan zitzaion.

Azkenean, Alain Riou Tahitiko bertako surflariak irabazi zuen Trials txapelketa. Riouk trialsak irabazten dituen bigarren aldia da, eta horrez gain, Teahupoon wildcard bati esker parte hartuko duen hirugarren aldia ere izango da.

Bigarren postua eskuratzearekin wildcarda eskuratu zuen bigarren lehiakidea Anthony Walsh australiarra da. Walsh, Riou bezala, ezker surflaria da (goofy) eta Riouk bezala, 30 urte ditu.

Gainontzeko lehiakide guztiak aski ezagunak dira. Orain, aurten Tahitin txapela nork eskuratuko duen ikustea falta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo