GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jaietan ere zorrotz eraso matxisten aurrean

Bilbo Aste Nagusian erabat murgilduta dago, jaiez gozatzen ari dira bilbotarrak eurak zein kanpotik etorritako bisitari andana, eta Ibaizabal ertzeko Areatza munduko jai gune nagusia da egun hauetan. Baina parranda giroak eta pozak bete beharko luketen esparru horretan emakume batek erasoa jasan zuen atzo goizaldean, jaietan ere indarkeria matxistak, tamalez, lekua aurkitzen badakiela gogoraraziz. Jaietan ere, edo jaietan bereziki. Izan ere, oraindik orain jaia zer den ulertzen ez duten eta emakumeak erasotzea libre dela uste duten pertsonak badaude, eta ohikoegia izaten da testuinguru honetan atzokoaren antzeko berriak jasotzea. Matxismoa eta emakumeen kontrako indarkeria egiturazko arazoak dira, eta, arlo guztietan ematen badira ere, gaugiroak, antza, gizaseme batzuen alderik nazkagarriena azalarazten laguntzen du, eta hitzez edo ekintzez emakume eta neska askok inork pairatu beharko ez lituzkeen erasoak sufritzen dituzte. Kolpeak edo bortxaketak eraso larriak dira, baina eraso dira, besteren artean, gogoz kontrako ukituak eta irainak ere. Eta horrelakorik ezin da onartu, eraso matxistei zorrotz erantzun behar zaie leku guztietan.

Konpartsek elkarretaratzea egin zuten atzo eraso honi erantzuteko, eta ehunka lagunek une batez jaiari atseden eman eta ozen adierazi zuten matxismoak jai daukala gure herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo