GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Jaiak politizatzen

Carlos Urquijok Pablo Gorostiaga eta Jone Artolaren aurka egindako erasoak, ordezkari espainola Aste Nagusiko izar nagusia bilakatzeaz aparte, «jaien politizazioa»-ren gaineko debatea ekarri digu. Eta deigarria da eztabaida, izan ere, jaiak eurak berez baitaude «politizatuak», kirola, kultura, aisia edo lan mundua dauden modu berean. Gizakiok eskua sartzen dugun gauza guztietan presente dago politika, gu geu baikara animalia politikoak. Ez al da «politikoa» jai eredua bera? Ez al da erabaki «politikoa» txosnak leku batean edo bestean kokatzeko baimena ematea? Edo baimenik ez ematea?

Gertatzen dena da azken hamarkadatan batzuk «jaien politizazioaz» hitz egin dutenean ezker abertzaleak bertan duen presentziaz aritu direla, kritikatzeko, noski. Ez dute begi onez ikusten ezkerreko mugimendu independentistak Euskal Herriko jaietan duen isla eta horrek ematen dien aldarrikapen kutsu berezia, beste inon ez dagoena. Ez behintzat hain nabarmen eta indartsu. Beraiek jai aseptikoak nahiko lituzkete: jan, edan, ahal duenak ligatu dezala eta, ezer oihukatzekotan, «aupa Athletic!». Eta kitto.

Jaietan jai, badakizue. Alferrik dabiltza, ordea, ezker abertzaleak berezkoa baitu jaietan egotea, bertan parte hartzea eta, normala denez, bere ekarpena egitea. Izan ere, gainontzeko indar politikoak ez bezala ezker abertzalea herri mugimenduan txertatutako errealitatea da, ez da alderdi bat, sektore desberdinetan eragiten duen eragile soziopolitikoa baizik. Horregatik, beste batzuek enpresaburuekin dutena bezain harreman naturala dauka berak jaiekin. Nik ez dakit Iñigo Urkulluk, Patxi Lopezek edo Arantza Quirogak beren herrietako jaietan inoiz txosnaren batean edo antzeko beste lokalen batean txandaren bat egin ote duten, baina susmoa daukat -susmoa baino gehiago, egia esan- Hasier Arraiz bere auzoko jaietan ogitarteko asko egindakoa dela. Nola eragotzi nahi dute ezker abertzaleak jaietan eragina izatea, dekretuz? Legez? Saiatu dira eta emaitza hor dago: Urquijo irrigarri geratu da, beste behin ere, eta kontuz ibil dadila ohitura bihurtzen ari baita.

Munduan gauza gutxi dago jaiak baino kontrolaezinago, eta gurean diren modukoak dira. Politikarik gabeko jaia nahi duena, joan dadila irailean Forondara, Alderdi Egunera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo