Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio
Aukera bakarra
Emakumea gizonezko antzu bat bezalakoxea da. Bere izaera natural hotzagatik, ez da ernalketaren azken prozesuan esperma behar bezala artatzeko gai. Emea, laburbilduz, ar akastun bat besterik ez da»; Aristoteles (K.a. 384-322 ).
«Jainkoak gizonezko bat sortu eta bular gihartsuak oparitu dizkio, ez mokor zabalak, gizonak toki horretan jakituria errazago pilatuko baitu. Aitzitik, emakumearen errealitatea bestelakoa da. Emakumea zikina da oso, eta baita jakituriaz baliatzeko ezgaia»: Martin Luther (1482-1546).
«Emakumea gizonezkoa gogobetetzeko sortua da, horrela bada, emakumeak gizonezkoa begirunez zaintzen ikasi behar du derrigorrean. Kontsolatu, ederrenak balira bezala artatu, beraien bizitzak eztitu; horra, beraz emakumearen benetako eginbeharrak, haurtzarotik irakatsiko zaizkionak»; Jean-Jacques Rousseau (1712-1778).
«Naturak gure esklabo bailiran sortu zituen emakumeak. Zeinen burutazio inozoa sexu-berdintasunaren aldarrikapena. Emakumea, haurrak ekoizteko makina besterik ez da»; Napoleon Bonaparte (1769-1821).
«Izadian, emakumeak ez dira adimentsuak. Iragarpen guztien aurka joan arren emakumeren batek kontrakoa frogatzen badu, emakume horren sexu organoan malformazio bat dagoela agerikoa izango da»; Friedrich Nietzsche (1844-1900).
Follaputas. Nork daki. Beharbada, Iruñeko polizia munizipal hau, goian aipatu ditudan gizonen tankerako pertsonaia historiko bilakatuko da etorkizunean. Egoera horrek, Follaputasek emakumeen inguruan noizbait egindako gogoeten berri jakiteko parada eskainiko liguke. Ezizen bitxi honek bestalde, beste hainbat kezka pausatu ditu nire barrenean: ezagun du Enrike Maia alkateak pertsonaia honen ezizena? Zein da Follaputas delakoak Nagore Laffageren hilketaren inguruan duen benetako iritzia?
Emakumeen garapenaz arduratzen den Unifem erakundearen arabera, hamar emakumetik seik indarkeria pairatzen dute beraien etxean, izan fisikoa, sexuala, psikologikoa edota ekonomikoa. Urtero 1,5-3 milioi neska eta emakume erailtzen ditu indarkeria sexistak. Pornografia eta prostituzioa zilegi diren herrialdeetan, gainera, ohikoagoak dira emakumeen aurkako erasoak. Beraz, munduko estatuen oniritziaren babesarekin, emakumeen aurkako guda da oraindik ere munduan biktima gehien eragiten dituen gatazka. Emakumeen bizitzek, egoerarik onenean ere, mingarriak izan behar dute oso.
Gobernua tronpatu, ekonomi eredua deuseztatu, automatizazio orokor bat gauzatu eta gizonezkoen sexua ezereztea da egoera tamalgarriari irtenbide bat bilatzeko emakumeek duten aukera bakarra.
Egun, badira gainera gizonen laguntzarik gabe ernaldu edota emakumeak bakarrik ekoizteko aukera tekniko beharrezkoak. Iruñetik iritzi zaigun azkeneko berriari jarraituz gogoratu iezaguzue, beraz, emakumeok, Follaputasi eta bide batez gu gizonezko guztioi, gure iraupena ez dela jada zalantzak sortzen dizkizuen arazo bat, maskulinitatea, istripu biologiko baten ondorioa besterik ez dela aspaldi ulertu baitzenuten.